Osasunbideak COVID-19 gaitzaren kontrako 39.712 txerto jartzea aurreikusia zuen aste honetarako. Horietatik 3.217 txerto sakandarrek hartu dituzte. Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txertaketa bideari segituz, 40 eta 49 urte artekoak izan dira txertoak jaso dituztenak. Era berean, jarraibidearen itxieran aurrera egin da 50 eta 59 urte arteko taldean, eta, aldi berean, bigarren dosiak jarri zaizkie 50 urtetik gorako adin taldeetan.
Sakanari dagokionez, Irurtzungo kiroldegian osasun eskualdeko 50 eta 59 urte arteko 1.100 pertsonak COVID-19aren kontrako bigarren txertoa jaso zuten astelehenean. Asteartean, berriz, Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoian Lakuntza eta Urdiain bitarteko adin bereko 697 sakandarrek bigarren txertoa hartu zuten. Txertaketa taldeak aipatu bi herrietara bueltatu dira gaur. Bietan 40 eta 49 urte bitarteko sakandarrek jasoko dute COVID-19 gaitzaren kontrako lehen txertoa. Irurtzunen 850 txerto jarriko dituzte eta Etxarri Aranatzen 570.
Hilabete hasieratik herenegunera arte 50 COVID-19 kasu positibo zenbatu dira Sakanan: Uharte Arakilen 18, Altsasun 14, Etxarri Aranatzen 9, Lakuntzan 7 eta Bakaikun eta Olatzagutian bana. Joan den ostegunetik herenegun arte 10 kasu zenbatu ditu Osasunbideak ibarrean: 4 Altsasun, 3 Etxarri Aranatzen, 2 Lakuntzan eta 1 Uharte Arakilen.