Badirudi Nafarroako Gobernuak, laster, Euskararen Foru Dekretu eguneratua tramitatuko duela. Izan ere, Nafarroako Auzitegi Gorenak 2019an bertan behera utzi zituen orduan indarrean zegoen dekretuaren hainbat artikulu, haien artean eremu mistoan eta ez-euskaldunean langintza publikora sartzeko merituen atalak. Bitarte honetan, ehunka lanpostu hornitu dira Nafarroako Gobernuaren baitan euskara meritu gisa aintzat hartu gabe; hori bai, horietako gehienetan ingelesa, alemana eta frantsesa meritu gisa hartzea sustatu da.
Tramitatu aurretik, Chivite presidenteak eta Remirez funtzio publikoko arduradunak adierazpen bateratuak egin dituzte, alegia, euskara eremu ez-euskaldunean meritu izatea euskara ez dakitenekiko diskriminatzailea dela (hots, euskaldunen pribilegioa) eta euskara Buñuelen baloratu nahi izateak Nafarroa ez ezagutzea esan nahi duela (euskara Nafarroako berezko hizkuntza denean, izango da Buñuel Nafarroatik kanpo kokatzen duela?).
Chivitek eta Remirezek jakin badakite Nafarroako eremu osoan edozein administrazio publikora jo ezkero ez dutela batere arazorik izanen espainieraz artatuak izateko eta tramitazioa burutzeko, inolako salbuespenik gabe. Halaber, badakite (edo jakin beharko lukete) Nafarroako Gobernuaren administrazio orokorrean euskaraz artatua izatea mirari hutsa dela eta tramitazioa ezinezkoa (ablameencastellano) (mozolo bat ikusten ari denaren aurpegia jarrita).
Nafar batzuek euskararekiko jarrera errefraktarioa dute, euskarak alergiaren bat sortuko ote liekeenaren parekoa. Haien boterea baliatzen dute alergia hori jaurtitzeko eta, maltzurki, euskaldunoi espainiera inposatzeko eta, bortizki, oinarrizko eskubideak ukatzeko (bortitza baita Nafarroako Gobernuaren leihatila batean ere euskaraz artatua izatea miraria izatea!).
Uko egiten diote euskara ikasteari eta uko egiten diote haien seme-alabei euskara irakasteari. Irmotasunez egiten dute euskara ez den beste edozein hizkuntza ikasteko. Baina, euskaldunon eskubideak bermatzeko bitartekoak eta langileak ezarri behar direnean, diskriminatzailea eta euskaldunen pribilegioa omen da. Onartuko lukete Chivitek eta Remirezek espainieraz artatuak ez izatea?
Euskara sustatzea eta euskaldunon eskubideak bermatzea ezin da limosna bat izan. Espainieraren inposaketa eta, aitzakiak erabiliz, euskaldunon eskubideak ezdeusa bihurtzea azpijoko bihurria da. Euskaldunon eskubideak de facto bermatuko dituen foru dekretu bat, jada!