Pilota / Paleta goma

Pilotarien festa ederra Uharte Arakilen

Guaixe 2021ko eka. 21a, 11:00

Atzo arratsaldean Nafarroako Emakume Master Cup Paleta Goma eta Pilota Goxuko lehen txapelak banatu ziren Uharte Arakilen, sekulako giroan, eta goizean Nafarroako Emakume Master Cup Pilota Misto Txapelketako finalistak erabaki ziren

Atzo Uharte Arakilgo Larrabieta pilotalekua emakumezkoen pilota eta paleta goma festan bilakatu zen. Goizean Nafarroako Emakume Master Cup Pilota Misto Txapelketako finalerdiak jokatu ziren, eta, arratsaldean Nafarroako Emakume Master Cup Paleta Goma eta Paleta Goxuko Txapelketetako  lehen finalak. Aipatzekoa da pilota zaleen erantzuna bikaina izan zela: arratsaldeko finaletan tarte batean frontoiko ateak itxi behar izan zituzten, aforoa –200 pertsona– gainditu zelako. 

Pilota Mistoko finalerdiak
Esan bezala, goizean Nafarroako Emakume Master Cup Pilota Mistoko finalerdiak jokatu ziren. Amaia Aldaik eta Naroa Agirrek 22 eta 17 irabazi zieten Maite Ruiz de Larramendiri eta Andrea Aldaregiari partida lehiatuan. Eta, bestetik, Laia Salsamendik eta Olatz Ruiz de Larramendik erakustaldi ederra eman zuten eta 13 tantotan utzi zituzten Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai. Hortaz, uztailaren 3an Nafarroa Arenan jokatuko den Emakume Master Cup Pilota Mistoko final handian Amaia Aldai eta Naroa Agirrek Laia Salsamendi eta Olatz Ruiz de Larramendi izanen dituzte aurkari (Finala ETBk eskainiko du). 

Paleta gomako eta pilota goxuko finalak
Arratsaldean Nafarroako Emakume Master Cup Pilota Goxoko finalak jokatu ziren. Gazteen mailako finala oso lehiatua izan zen, eta Antzuolako Leire eta Nagore Galeano ahizpek 22 eta 19 irabazi zieten Leire Oskoz eta Erika Alvarez nafarrei. Eta seniorren finalean Maria Escudero eta Ainhoa Zabaleta goizuetarrek Iparraldeko Ania Oronoz eta Marie Goyenetche pilotariak izan zituzten aurkari. Goizuetatik jende asko hurbildu zen, eta zenbait pilota zale kanpoan geratu behar izan zen, aforoa gaindituta. Iparraldeko telebista kate bat gerturatu zen finala jarraitzera, eta ikusmina handia izan zen. Azkenik, Iparraldeko bikoa gailendu zen, erraz, 22 eta 8. Panpi Ladouche pilotari profesional ohia finalean izan zen eta bertsotan hasi zen, Iparraldekoen garaipena ospatzeko.

Bukatzeko, Nafarroako Emakume Master Cup Torneoko Paleta Gomako bi final jokatu ziren. 2. mailan, Juncal Quevedok eta Olaia Sarasibarrek jantzi zuten txapela, Enara Anituari eta Olatz Beitiari 25 eta 15 irabazi eta gero, eta gazteen mailako finalean Irati Gartziarenak eta Maria Eguskizak 25 eta 9 hartu zituzten mendean Elaia Zabalza eta Mikaela Mendiola.