Izadi Lizarraga Valentziako espetxean 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen haur bat da. Kartzelan jaio zen, eta kartzelan bizi da. Baina Espainiako legearen arabera, hiru urte betetzen dituenean, hau da, urtarrilean, gurasoengandik bereiztu eta espetxetik ateraraziko dute. Izadi Gurasoekin etxera platafor mak haurraren eskubideak bermatzeko eta familia elkarrekin egotea eskatzen du, eta horretarako istorioa kontatzen duen dokumental bat sortu dute. Orain, ekimenak eta dokumentala aurkezten ari dira. Asteazkenean, ekainaren 22an, 19:00etan, Altsasuko Kukuerreka elkartean emanaldia eta solasaldia eginen dute. Aurretik Altsasuko Gaztetxea, Arbizun eta Lakuntzan izan dira. Aurkepenak Sarek antolatu ditu.
Izadiren jaiotzarekin sortu zen Izadi Gurasoekin etxean plataforma, Itxaso Torregrosa plataformako kideak azaldu duen bezala. Izadiren ama Burlatakoa da eta aita Algortakoa, eta bi herriak elkarlanean ari dira egoeraren berri ematen. "Euskal Herrian motxiladun ume pila bat dago, ama edo aita espetxean dituztenak, baina kalean dauden umeak. Holakoetan lanketa berezi bat egiten da ume bat espetxetik ateratzen denean, haurrarengan ondorio handiak dituelako". Gurasoekin 24 orduz egotetik, "egun batetik bestera", bere besoetatik kentzen dute eta ezagutzen ez duen herri batera eraman dute, "horrek suposatzen duen guztiarekin".
“Txiki hori jaio zela eta zein egoeratan bizi den jakitera emateko lan egiten dugu". Duela hiru urte sortu zen arren, urtarrilean "atzera kontua" hasi zela dinamika aurkeztu zuten, kontuan hartuz, gainera, "motxiladun haur asko zeudela: Izar, Iratirekin egin zen lanketa… orduan, ez genion itzala egin nahi eta erabaki genuen dinamika horiek laguntzea". Izadik urtarrilean hiru urte beteko ditu, eta bere urtebetetze egunean bere gurasoengandik bananduko dute. "Horri gehitzen zaio Izadiren kasuan pandemiak harrapatu duela barruan eta urte bat baino gehiago darama espetxetik ezin atera, kanpokoekin inongo harremanik gabe eta abar". Orain, Izadi eta bere gurasoak Aranjuezko espetxean daude. Hirurak elkarrekin daude, baina "denak okerrera" egin duela azaldu du Torregrosak. "Egoera ez da batere ona". Sakanan egunotan aurkezten ari diren dokumentalean kontatzen dute "borroka askoren ondoren" nola lortu duten hirurak batera egotea, besteak beste.
"Guk dena zentratzen dugu haurraren beharretan eta haurraren egoeran. Dokumentala egin dugu Euskal Herri mailan egoera ezagutzera emateko". Urteko egitaraua prestatu dute egoera jakinarazteko. Dokumentalaren aurkezpenarekin eta hitzaldiarekin hasi eta irailetik aurrera mobilizazioekin hastea aurreikusten dute. "Eskatzen duguna da Izadik aitarekin eta amarekin etxean egon behar duela. Posible da, gu ez gara sartzen formatu legaletan, baina nahiko balute bihar bertan atera litezke". Hirugarren gradua ezartzea, baimenak ematea, pisu tutelatu batera eramatea edo familia moduluetara eramatea dira aukeretako batzuk. "Guk plataforma bezala ez dugu asko sartu nahi irtenbideetan ez dagokigulako guri". Baina ez dira zerbait "ezinezkoa" eskatzen ari da.
Asko aurreratu gabe, Izadi, espetxean jaiotako atzera kontaketa dokumentalean Izadiren aiton-amonek haien bizipena eta inpotentzia kontatzen dute, Iñigok eta Mariak, gurasoak, lehenengo pertsonan egoeraz hitz egiten dute eta plataformaren izenean Torregrosak hitz egiten du. "Polita da irudi asko agertzen direlako: espetxe barruko argazkiak eta abar. Sufrimendu horri aurpegia jarri nahi genion". Dokumentala "motza" dela esan du Torregrosak, baina jendea hunkituta ateratzen dela. Emanaldiaren ondoren, zalantzak argitzeko eta hitz egiteko solasaldia eginen dute. Bestetik, Izadiren kasua gertutik ezagutzeko dokumentalaren aurkezpenetara gerturatzeko eta plataformaren sareak jarraitzeko eskatu du Torregrosak: Izadi Gurasoekin etxera.