Sortzaileei saria

Guaixe 2021ko eka. 24a, 12:47

2021. urteko Maria Markotegi eta Nanoipuin lehiaketen sariak banatu ditu Sakanako Mankomunitateak

Maria Markotegi eta Nanoipuin lehiaketen sari banaketa berezia izan da aurtengoa. Pandemiak eragindako egoera dela eta, bigarren urtez 2021. urtean ez da sari banaketa ekitaldirik egin, eta irabazleek etxean jaso dute saria: Sakanako liburu dendetan erabiltzeko 40 eta 120 euro bitarteko txartelak. Lehiaketetan parte hartu dutenek ere oparitxoa jaso dute. Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak antolatzen ditu bi sariketak. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 1.800 euro banatu ditu 26 lanik onenak saritzeko.

Sakanako ikasleei bideratutako sormen lehiaketa da Maria Markotegi, eta helburua euskarazko sormena sustatzea da. Lau sail ditu: booktubea, narrazioa, poesia eta komikia. Aurten 572 lan aurkeztu dira; 296 narrazio sailean, 65 poesia sailean, 37 booktube sailean eta 174 komiki sailean. Lehiaketak bost maila ditu: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak; 5. eta 6. mailak; DBHko 1. eta 2. mailak; 3. eta 4. mailak, eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena. Booktubeak DBH1etik gorako gazteek parte hartu ahal izan dute Youtuben agertzeko gutxieneko adina behar delako.

Toñi Lopezek eta Izaskun Etxeberriak literatura arloan, Joxemari Morcillok eta Olatz Aldasorok komiki arloan eta Katrin Gineak eta Aitor Karasatorrek booktube sailean osatu dute epaimahaia.

Nanoipuin lehiaketa euskaltegietako ikasleei zein mintzakideei zuzendutako lehiaketa bat da. Hiru maila ditu: lehen mailan A1 eta A2 mailetako ikasleek parte hartzen dute; bigarren mailan B1 mailako ikasleek, eta hirugarren maila B2 eta C1 mailetako ikasleendako da. Mintzakideek ezagutzaren pareko mailan parte hartzen dute. 67 lan aurkeztu dituzte; 35 lehen mailan, 22 bigarren mailan eta 10 hirugarren mailan.

Irabazleek Sakanako liburu dendetan erabiltzeko 150 euroko txartel bana irabazi dute. Epaimahaia Monika Etxeberriak eta Garbiñe Petriatik osatu dute, eta Sakanako Mankomunitateak orain arte lehiaketan epaimahaikidea izandako Maria Luisa Zelaiaren heriotzagatik atsekabea adierazi du, baita doluminak eman nahi izan dizkie senide eta hurbilekoei ere.