Txirrindularitza

Mikel Uncillak ezin izan zuen 27. Gipuzkoako Klasikoa despeditu

Guaixe 2021ko eka. 22a, 11:42

Juniorrek bi lasterketa izan dituzte asteburuan, larunbatean Obanosen eta igandean Urretxun

Igandean 27. Gipuzkoa Klasikoa jokatu zen, UCI junior mailako proba ezaguna, Urretxun hasi eta despeditu zena (123 km). Junior mailako txirrindularirik onenak lehiatu ziren. Hasiera hasieratik mugimendu askoko lasterketa izan zen, eta Antonio Morgado (Bairrada Cycling Club) izan zen gailendu zena (3:01:48), helmugara bakarrik iritsi eta gero. Bart Hordijk txirrindulariari (Willebrord Wil Voorvit) 30 segundoko aldea atera zion. Sakanako taldeetako txirrindulariak Nafarroako selekzioarekin aritu ziren. Hugo Aznar 9. sailkatu zen eta Mikel Uncilla erretiratu egin zen. 

Juniorrak Obanosen
Larunbatean junior mailako 36. Obanos Hiribildua Saria jokatu zen (98 km). Lasterketa Aimar Berangok irabazi zuen (Lizarte), helmugara bakarrik iritsi eta gero. Txirrindulari sakandarrei dagokienez, Sergio Lopez (Quesos Albeniz) 19. sailkatu zen, Aimar Tadeo (Sakana Group-Aralar) 51., Oihan Etxeberria (Quesos Albeniz) 54., Xabier Borrega (Quesos Albeniz) 58., Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 59. eta Jon Koldobika Urrusolo (Sakana Group-Aralar) 60.