Administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretua urtea despeditu aurretik tramitatu nahi du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, foru erkidegoak 20 hilabete daramatza araudi hori gabe. Aurreko foru administrazioak onartutakoa Nafarroako Auzitegi Gorenak 2019ko lastailean edukiz hustu zuen. Edukiari dagokionez, Maria Chivite Navascues lehendakariak aurreratu duenez, euskara meritu gisa hartuko da eremu euskaldunean, eta eremu mistoan ere, “herritarrendako arreta postuetan, urtetan egin izan den bezala”. Osasunbidearen kasua berezia da, baina, eremu mistoko herritarren arretarako irizpidea aplikatuko omen da, 11/1992ko legea oinarri hartuta. Eremu ez-euskaldunean, berriz, euskara ez da meritu gisa hartuko, horretarako “errealitate soziolinguistikoaren datuetan” oinarritu da Chivite. Lehendakariaren arabera, administrazioko sarbide probetan euskara meritutzat hartzearen inguruko eztabaida hizkuntz politikaren “ikuspegi murriztailea” da, eta “mesede txikia egiten zaio euskarari arma politiko gisa” erabilita.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao dekretu berriaren inguruan zabaltzen ari den eztabaidarekin kritiko agertu da. Informazio zuzenik ez dutela eta hedabideetara gobernuak egindako filtrazioak salatu ditu. Bilbaoren hitzetan, “argi dago, hizkuntza-eskubideak alderdikeriekin nahastea dutela helburu”. Kontseiluko bozeramailearen iritziz, “dekretuaren eztabaida parametro desegokietara eraman nahi dute. Sinestarazi nahi digute dekretuaren korapiloa txikia dela, hain zuzen ere, legeak ezarritako eremu ez euskaldunean euskara ez baloratzea edota alemana bezala baloratu beharko den ebaztea”. Bilbaok eztabaida parametro egokietara eraman behar dela gaztigatu du: “onartu behar den dekretuak herritarren euskararen erabilera erosoa bermatzeko balio duen ala ez aztertu beharko da. Dekretu integrala behar dugu, are gehiago kontuan hartuta herritarrak diskriminatzen dituen legea dugula”.
Manifestazioarekin “herritar guztien eskubideen bermea ahalbidetuko duen dekretua eskatu eta aldarrikatu” nahi ditu Kontseiluak. Bilbaoren arabera, “garaia da eskubide murrizketak ahalbidetuko dituen dekretuaren aurka ozen eta sendo agertzeko. Eta, aldi berean, “Justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren aldeko aldarria egiteko”.
Soka luzea
Nafarroako Justizia Auzitegiak administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetuz epaia eman zuen 2019ko lastailean. Ondorioz, Kontseiluak Gobernuari eskatu zion “Justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko pausoak eman eta ausardia izan zezala, eta bide horretan gutxienez, epaiari kasazio-helegitea jar ziezaiola epaiarekin bat egiten ez zuela erakusteko”. Orduan ere kalean salatzearekin batera, gobernuko kideei haien eskaeren berri eman zieten Kontseiluko kideek.
Gobernuak ez zuen helegiterik aurkeztu eta halako epaiak saihesteko lehenbailehen, 2020ko hasierarako dekretu berria onartuko zuela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak. Pandemia eta gobernuko bi bazkideen arteko eztabaida tarteko, dekretuaren onarpena atzeratuz joan da. Ordutik 20 hilabete pasatu dira eta tarte horretan foru administrazioak hainbat lan deialdi egin ditu. Eta horietan, Kontseiluaren arabera, “automatikoki baztertu du euskararen ezagutza, derrigorrezkoa edota merezimendukoa, ehunka lanpostuetan. Azken hilabeteetan honezkero ahaztutzat genuen hizkuntza-politika iluna aplikatu dute behin eta berriro lanpostu publikoei dagokienez”, gaineratu du Bilbaok. Chivitek jakinarazi duenez, zirriborroa despedituta, sindikatuei aurkeztuko diete, gero funtzio publikoko mahaian aurkeztu, eta ondoren gobernuak onartuko du.