Astekaria

Materia organikoa ongarri bihurtzen

Guaixe 2021ko uzt. 1a, 14:25

Materia organikoaren bidaia Sakanaren logotipoan irudikatua.

Etxean sortzen dugun materia organikoa konpost bihurtu dadin beharrezkoa da ongi bereiztea eta dagokion edukiontzian botatzea. Konpost bihurtuta baratzeak aberastuko ditu eta zikloa itxiko dugu. 

Materia organikoak Sakanan egiten duen bidaia ezagutuko dugu Amaia Okariz Ormaetxearen eskutik. Bera Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketa Zerbitzuko hezitzailea da. Okarizek nabarmendu duen aurrena da: “gure esku dagoela sortzen dugun materia organiko kantitatea gutxitzea”. Hezitzaileak azaldu duenez, “Nazio Batuen Erakundeak bildutako datuen arabera, gaur egun munduan sortzen diren elikagaien heren bat galdu edo xahutu egiten da. Frutaren eta barazkien kasuan %45eko galera izatera iristen gara”. 

Beste datu bat ere eman du Okarizek: “Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Nafarroarako egindako estimazioen arabera 115.000 elikagai tona baino gehiago hondakin bihurtzen dira, horietatik %42 etxeetan xahutzen ditugu”. Bestela esanda, “Nafarroan, eta Sakanan ere, erosketetan planifikazio falta, gaizki gorde eta kontsumitu, edota gehiegizko errazioak prestatzearen ondorioz, biztanle bakoitzak hondatu gabeko 75 kilo janari botatzen ditu, batez beste, urtero”. 

Jatekoak alferrik ez galtzeko eta ez botatzeko, azken batean hobetzeko, kontuan hartu beharreko aholkuak zerrendatu ditu hezitzaileak: asteko menua aurreikusi, erosketa arduratsua egin, garaiko produktuak erosi, elikagaiak ongi kontserbatu, soberakinak erabiltzeko errezetak egin eta jatetxeetan soberan uzten dena etxera eramateko prestatzea eskatu.

Berezitu, konposta sortzeko
Okarizek azaldu duenez, “etxean ezinbesteko materia organikoa bakarrik sortu beharko genuke eta birziklatu ahal izateko ongi sailkatu behar dugu, bere bilketa berezitua egin ahal izateko”. Arbizun dagoen Utzubar EKO Gunean aurten mustu den konpost plantarekin zikloa itxi eta Sakanan bildutako materia organikoa ibarrean bertan konpost bihurtzen da. 

Mank-ek materia organikoa biltzeko hainbat sistema ditu ezarrita. “Aukeran konposta etxean edo auzoan egin daiteke, edo biltzaileek eramateko atez ateko posteetara atera edo 5. edukiontzi marroira bota”, azaldu du hezitzaileak. Adierazi duenez, “lur sail edo baratza duen edonork etxean konposta egin nahi badu, Hondakin Zerbitzuan konpostagailua eskatu dezake, bertan materia organikoa konpost bihurtzeko. Halako kasuetan materia organikoak bidaia laburra egiten du sukaldetik etxeko baratzean dagoen konposteraraino”.

Bilketa sistemaka
Arakil, Irañeta, Arruazu, Ergoien, Lizarragabengoa eta Ziordian orain dela gutxira arte edukiontzien ekarpen etxolen ondoan auzo-konpostagailuak zituzten, han materia organikoa bota eta auzokonposta egiteko. “Konfinamendu garaiaz geroztik haien mantenua egiten zuten langileak bilketa lanetan dabiltza eta, beraz, konpostagailuak erabiltzeari uzteko ekarpen etxoletan edukiontzi marroia jarri zen, bertan materia organikoa botatzeko”, azaldu du Okarizek, gaineratuz, “hemendik aurrera materia organikoaren bilketa bermatzeko edukiontzi horiek mantendu eginen dira eta auzo-konpostagailuak kendu eginen dira”. 


Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutian atez ateko sisteman dago. Hezitzaileak gaztigatu duenez, zortzi herrietan “auzo-konpostagailuak bazeuden, baina mantenua ezin eginagatik itxita gelditu ziren. Geroztik materia organikoa posteetan biltzen ari da”. Auzo-konpostagailuak itxita daude herri horietan, baina “auzokideek mantenu lanak beraien gain hartuz gero, auzo-konpostagailuak bertan mantenduko lirateke. Boluntariorik ez balego auzo-konpostagailuak kendu eta materia organikoa astelehenetan eta ostegunetan posteetan biltzeko ateratzen jarraitu beharko da” esan du Okarizek, zehaztuz: “materia organikoa Mank-ek ematen duen kuboan atera behar da bilketa puntuak garbi mantentzeko. Poltsatan ateratzen denean, askotan apurtu egiten dira, bilketa puntuak zikinduz”. Inork kuboa behar izanez gero Arbizuko Utzubar EKO Gunera joan behar da eskuratzera. Harrera ordutegia astelehenetik ostiralera da, 09:00etatik 14:30era. Bestalde, Lakuntzako eta Ziordiko udalek Mank-ekin batera hartutako erabakiaren ondorioz, auzo-konpostagailuak kendu egin dituzte. Lakuntzarren kasuan materia organikoa posteetara atera behar dute eta ziordiarrek 5. edukiontzian sartu. 

Altsasu eta Irurtzun
Materia organikoa edukiontzi marroian jasotzen da 2018. urteaz geroztik. “Giltzapetutako edukiontzia da, materia organikoa ongi bereizten dutenek erabiltzeko”, azaldu du Okarizek. Gaur egun altsasuarren %26 inguruk bakarrik izena emana du edukiontzi marroia erabiltzeko. “Horrek esan nahi du errefusan (edukiontzi berdean) biltzen denaren ia erdia (%40 inguru) materia organikoa dela. Ondorioz, eta zoritxarrez, milaka eta milaka tona hondakin Tuterako El Culebrete zabortegira bidaltzen jarraitzen dugu”, aditzera eman du hezitzaileak. 




Horregatik, “altsasuar bakoitzaren esku dago materia organikoaren bidaia laburtzea. Edukiontzi marroia erabiliz gero, materia organikoa kamioiek bildu eta Arbizuko konpost plantan ongarri bihurtuko baita. Horregatik, hobetze bide honetan, edukiontzi marroia erabiltzera” gonbidatu du Okarizek. Edukiontzi marroia erabiltzen hasi nahi dutenek 900 730 450 doako telefonora hots egin behar dute, izena eman eta materia organikoa bereizteko kit-a emanen diete: 10 litroko kubo aireztatua, poltsa konpostagarriak, birziklapen gida eta edukiontzi marroia irekitzeko giltza. Poltsa konpostagarriak edota giltza berria behar izanez gero, eskuragai egoten dira Altsasuko Garbigune Finkoan, baita Garbigune Mugikorrean ere.


Altsasun Otadian eta Idertzagainen auzo-konpostagailu bana dago. “Itxita egon dira baina laster hobekuntza batzuk egitea aurreikusita dago berriro martxan jartzeko asmoz. Irurtzunen bezala giltzapetuta daude eta giltza mankomunitatean eskuratu ahalko da martxan jartzen direnean”.




Irurtzunen materia organikoa bereizteko, oraingoz, auzo-konpostaren aldeko apustua egin da. Auzo-konpostagailua erabili nahi duenak, bere auzoko konpostagailuko giltza eskura dezake Mank-en. “Bertan materia organikoa bota eta eskuragai egoten den egituratzailearekin estaltzea komeni da, konpost prozesua ongi joan dadin” gogorarazi du hezitzaileak. Nabarmendu duenez, “Irurtzunen auzo-konpostagailuen kudeaketa eredu izan da, bakoitzean boluntario bana baitago hasieratik eta oso kalitate oneko organikoa botatzen baita”. Hala ere, irurtzundarren %24,86ak bereizten du organikoa, eta, beraz, “ezinbestekoa da herritar gehiago organikoa bereizten hastea. Organikoa bereizten hasi nahi duten irurtzundarrek, behar den informazioa eta materiala eskuratzeko, 900 735 450 doako telefonora hots egitea besterik ez dute”.

Konpost planta 
Hondakin bilketako kamioiek Sakanan jasotako materia organiko guztia Arbizuko konpost plantara eramaten dute. Han ibarreko inausteak biltzen dituzte, txikitu eta konposta egiteko egituratzaile moduan erabiltzen dira. “Materia organikoa egituratzailearekin nahastu eta ilaratan jartzen da. Pila horiek aireztapena behar dute. Naturan gertatzen den bezala, materia organikoa deskonposatuz joanen da eta ura galduz, lur ilun batean, konpost, bihurtu arte”. Okarizek adibidea eman du: “gutxi gorabehera sei hilabeteren buruan, etxean bota genuen laranja azala, bidaia guztia egin ondoren, konpost bihurtuta, bahetik pasa eta lur xehe-xehe bilakatuta egonen da”. 

Utzubar EKO Gunean sortutako konposta sakandarren artean banatzen da, baldin eta Hondakin Zerbitzuan alta emana badago. Sakandar bakoitzak urteko bost zaku hartzeko aukera du, hiru zaku udaberrian eta bi udazkenean. “Horretarako zakuak etxetik ekar daitezke. Zakurik ez izatekotan, Mank-ek Piensos Unamunok gordetzen dizkigun zakuak berrerabiltzen ditugu. Bulegoan izena eman eta hezitzaileak bideratuko zaituztegu konposta non hartu behar den jakiteko”.

100.000 kilo konpost 
Urte hasieratik hilaren 11ko 09:05 arte Utzubar EKO Gunean sakandarren artean banatutako konpost kiloak dira. Okarizek nabarmendu duenez, “azkar esaten da, baina 100.000 konpost kilo horiek bizilagunen artean banatu ahal izatea materia organikoa ongi berezitu duten sakandarroi eta Mank-ek ematen duen Hondakin Zerbitzuari esker izan da”. Horregatik, dei egin du guztion artean “hondakinen kudeaketa hobetzen” segitzeko eta materia organikoak azaldutako “bidaia egiten laguntzeko”. 

Zer da materia organikoa? 
Fruta eta barazki azalak, lekale, pasta eta arroz hondakinak, fruitu lehor azalak, arrautza oskolak, haragi, arrain eta marisko hondarrak, gazta azala, kortxo naturalezko tapoiak, txotxak, egurrezko makil txikiak, janari hondarrez zikindutako papera, sukaldeko papera, erabilitako ezpain-zapi txuriak, madalenen papera, erabilitako paperezko mukizapiak, kafe hondarrak, iragazkiak, infusio hondarrak edota poltsatxoak, ogi eta opil hondarrak.