Txertaketa gune bihurtu zen atzera ere Burunda pilotaleku altsasuarra astelehen eta asteartean. Aurreneko egunean 50 eta 54 urte arteko 550 altsasuar, olatzagutiar eta ziordiarrei COVID-19 gaitzaren kontrako bigarren txertoa jarri zien Osasunbideak. Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txertaketa norabideari segituz, asteartean 40 eta 44 urte artekoen txanda izan zen. Txertoaren aurreneko dosia jaso zuten 600 burundarrek.
Osasunbideak aste honetan Nafarroan, guztira, 52.075 txerto jartzeko asmoa zuen. Joan den asteburuan Tuterako Osasun Barrutian hasi ondoren, herrialdeko gainerako eremuetara zabaldu da 30-39 urte bitartekoen txertaketa.
Hilabete hasieratik herenegunera arte 55 COVID-19 kasu positibo zenbatu dira Sakanan: Uharte Arakilen 18, Altsasun 15, Etxarri Aranatzen 10, Lakuntzan 9 eta Arbizun, Bakaikun eta Olatzagutian bana. Joan den ostegunetik herenegun arte 5 kasu zenbatu ditu Osasunbideak ibarrean: 2 Lakuntzan eta bana Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun.