'Dorotea'-k irabazi du aurtengo Etxepare saria

Guaixe 2021ko eka. 28a, 12:09
Amaia Egidazu ezkerretik bigarrena, sariaren aurkezpenean. UTZITAKOA

Amaia Egidazu Arrueren lana da, eta sariaren parte udazkenean Pamielak argitaratuko du

Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitateko euskara zerbitzuek antolatzen duten album ilustratuak sortzeko literatur lehiaketa da; Sakanako Mankomunitateko euskara zerbitzua tartean. Literatur lehiaketen alorrean erreferentea bihurtu da eta 2021eko edizioan 30 lan aurkeztu dira. Haietatik Amaia Egidazuren Dorotea gailendu da. Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa biltzen ditu albumak: "hona hemen amatxi, bakardadean, eguneroko deserosotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila". Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du udazkenean, eta lehiaketaren saria 5.000 eurokoa da, egile eskubideen aurrerapen moduan.

2021eko Etxepare sariko epaimahaia Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute. Lan irabazleari buruz esan dutenez, testuaren aldetik paralelismoak, segidak eta errimak agertzen ditu, "oihartzuna landuz, josta gaitezen". Ilustrazioaren aldetik, "bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu".

Amaia Egidazu Arrubek Biologia ikasketak egin zituen naturarekiko zuen begirunea zela eta. Ingurumena eta energia berriztagarrien sektorean lan egin ondoren, haurren pedagogiarekiko interesak arlo horretako formakuntzetan murgiltzera bultzatu zuen eta orain eskola aktibo batean lan egiten du. Dorotea Egidazuk idazten eta ilustratzen duen lehen liburua da, baina Tamara Chubasrovskyren errimak eta ipuinak euskarara itzuli eta moldatu ditu, eta txikienendako ipuin kontaketak ere egin izan ditu.

Sariketa
Euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin sortu zuten Etxepare sariak duela 15 urte baino gehiago. Beka bezala sortu zuten eta 2009az geroztik saria bihurtu zen. Beraz, parte hartzaileek album ilustratuak amaituta entregatu behar dituzte, eta saria liburua argitaratzea da.