Iruñeko Zitadela eraikitzea agindu zuen Felipe II.a errege espainolak XVI. mendean. Eraikin militarraren helburua: hiria zigortzea.
Bertan egingo du Sarek manifestazioa uztailaren hiruan.
Presoak zigortzea eta Euskal Herriarekiko atxikimendua apalaraztea zituen helburu 1988an abian jarri zuten dispertsio politikak. Hogeita hamabost preso hil dira espetxean; azkena, Igor González. Urruneko gotorlekuetan atxikita, zigor erantsia ezarri zieten senideei ere: kilometro asko errepidean, neke fisiko eta mentala, diru xahuketa eta heriotza. Natividad Junco da, gaur arte, hamasei izeneko zerrendako azkena.
Aldatzen ari da dispertsioa. Egoera berria pertsona askoren esfortzuari esker lortu da: Euskal Herriko hiritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio eta, noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei esker eta hainbat biktimaren esfortzuari esker.
Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin ahal izateko… Presoak etxean izan arte. Lehenik eta behin, 70 urtetik gorakoak, salbuespenezko legedipean (7/2003 eta 7/2014) zigortutakoak, gaixotasunak dituztenak… denak etxerako bidean jarri nahi ditugu.
1808an D´Armagnac general frantsesak Zitadelaren defentsa apurtzea lortu zuen. Bere agindupeko soldaduak elur malutekin jolasteko aitzakiarekin hurbildu ziren, eta Zitadelako zaindariak ezustean harrapatzeko helburua zuten. Geuk ere elurtea aprobetxatu behar dugu espetxe politikaren gotorlekua apurtzeko. Gaur egungo baldintza politikoak, agian, bihar aldatuko direlako.
Gotorleku eta harresi politiketatik gizatasun eta bizikidetzaren espetxe politikarako bidea ibili nahi baduzue, presoak etxerako bidean jarri nahi badituzue, gonbidatuta zaudete uztailaren 3ko manifestaziora.