Liburu Klik kanpainaren atzean sare sozialak eta liburuak daudela azaldu du Castillo Suarez Garciak, Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuko teknikariak. Mendialde bezala ezagutzen diren eskualdeetako euskara zerbitzuak bildu dira kanpaina komun bat egiteko; hortaz, Baztanen, Malerrekan, Bortzirietan eta Iparraldeko euskara mankomunitateko eskualdeetan egonen da martxan kanpaina. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte eginen da Liburu Klik egitasmoa.
Liburu bat irakurri ondoren klik egitea proposatzen dute. "Lehendabiziko gauza liburu bat irakurtzea da; etxean duten liburu bat, liburutegitik hartutakoa edo liburu dendan erositakoa. Liburua irakurri ondoren, sare sozialetan liburu horri buruzko zerbait jarri behar dute". Izan daiteke gomendio bat, kritika bat, bitxikeria bat… Edozein sare sozialen bidez zabaldu daiteke: Twitter, Instagram, Facebook, Tik Tok, Youtube, Twitch eta abar. "Sarrera horretan garbi ikusi behar da liburuaren izenburua eta #liburuklika traola erabili behar da". Amaitzeko, horren "froga" euskara zerbitzura bidali behar da, Sakanako kasuan euskara@sakana-mank.eus helbidera
Elkarbanatu
Kanpaina sare sozialetara guztiz lotuta dago, baina bada sare sozialik ez duen jendea, moldatzen ez dena eta abar. Horiek ere Liburu Klikan parte hartzeko aukera izanen dute: "Gauza bera egin behar dute. Liburua irakurri ondoren argazki bat egin, bideo bat, argazki muntaia… eta gero materiala zuzenean euskara zerbitzura bidali". Bestetik, 12 urtetik beherakoen kasuan, kanpainan parte hartzeko bi aukera dituzte: liburuaren protagonisten baten marrazkia egin edo liburuari beste amaiera bat eman. Lana egin ondoren zuzenean zerbitzura bidali beharko dute. "Ez da gauza erraza liburu bati beste amaiera bat ematea, eta bitxia izango da ere. Liburuetan protagonistak modu batez irudikatzen ditugu, eta ikusiko dugu beste irakurleek beste modu batera irudikatzen dituztela".
"Eta honek guztiak saria dauka". Haien irakurketak sare sozialetan partekatzen dituztenek liburuak merkeago erosteko opari txartela jasoko dute, kanpainan parte hartzen duten edozein liburu dendatan erabiltzeko: Irurtzungo Elustondo edo Martxueta, Etxarri Aranazko Kaxeta, Altsasuko Arkatz eta Liburunda. Sakanatik kanpo: Erratzuko Altxuko-denda, Leitzako Astitz eta Maimur, Elizondoko Axular, Berako Igone eta Purienea, Lekunberriko Lanbroa eta Nafarpress, Doneztebeko Ostiz eta Lesakako Xagu eta Telletxea.
Parte hartzaile bakoitzak txartel horrekin, euskarazko liburuak %30 merkeago erosi ahalko ditu (gehienez ere, 15 euroko oparia izango da liburu bakoitzagatik eta irailean zehar erabil daitezke). Bakoitzak gehienez, hiru opari txartel jasoko ditu.
Elkarrekin Lehendabiziko aldia da Sakanako Mankomunitateko euskara zerbitzuak udarako egitasmo bat martxan jartzen duela eta bigarren aldia mendialdeko euskara zerbitzuak elkarlanean aritzen direnak. Izan ere, Suarezek azaldu duenez eskualde hauetan haur jaioberriei banatzeko liburuxka batzuk prestatu dituzte. "Oso liburuxka politak dira, eta horretan ari gara". Eskualdez gaindiko "beste makro eskualde bat" sortu dute, antzeko ezaugarriak dituzten eskualdeak direlako: "Ez bakarrik hizkuntzari begira, baita ezaugarri soziopolitikoak ere".