Greba La Vasco Navarran

Guaixe 2021ko eka. 28a, 14:12

La Vasco Navarrako langileek euren aldarrikapenak Altsasun zabaldu dituzte goizean.

16:30ean enpresatik Olatzagutira martxan eginen dute langileek. LABek eta CCOOk haiek babestera deitu dute.

Enpresa batzordean gehiengoa duten LABek eta CCOOk grebara deitu dituzte La Vasco Navarrako langileak gaur. 05:30ean informazio piketeek argibideak banatu dituzte. Zama lanetarako erabiltzen den enpresako kaia autoekin blokeatu dute langileek, baina Foruzaingoko lauzpabost patruila agertu ondoren, sarbidea libre utzi dute. Sindikatu deitzaileek jakinarazi dutenez, “grebarekin ekoizpena gelditu egin dugu”. Gaztigatu dutenez, “prekarietateagatik langile batzuk ezin izan dute grebarik egin”. 

Eguerdiko batzarraren ondoren, langileek gaurko bigarren mobilizazioa eginen dute Arkinorruti industrialdea eta Olatzagutiko plaza lotuz. Gaurko protesta egunarekin langileek lan hitzarmen duina eskatzen ari dira. Horrekin batera, soldata igoera, kontzeptu guztiak hartuko dituena. Baita ultraaktibitatea ere, hau da, lan hitzarmena bukatu ondoren berria hitzartu arte aurrekoak indarrean jarraitzea. Gaur egun enpresak estatuko hitzarmenera pasa baititu. Lan kategoriak zehaztea ere eskatzen dute greba egiten ari diren langileek.