Txirrindularitza

Imanol Erbitik Tourreko lehen etapetako erorikoei eutsi die

Guaixe 2021ko eka. 29a, 09:45
Imanol Erbiti, 3. etapan, tropelean. Argazkia: BettiniPhoto / Movistar Team.

Atzo Tourreko hirugarren etapa jokatu zen eta aurrekoetan bezala eroriko ugari izan ziren. Primoz Roglik (Jumbo) eta Miguel Angel 'Superman' Lopez (Movistar Team) izan ziren kalteturik handienak, minutu luze galdu baitzuten

Itzuli handietako lehendabiziko asteko etapak lauak izan ohi dira, esprinterrendako aproposak, zailtasunaren aldetik ez oso gogorrak. Baina ez da arriskua falta izaten, tentsioa izaten da tropelean eta lehen etapa horietan ongi kokatua egotea ezinbestekoa izaten da, zoritxarrez eroriko asko izaten direlako. Begira, bestela, Frantziako Tourrak izan duen hasiera. Erorikoak erorikoen atzetik. Atzoko 3. etapan ere hala gertatu zen eta sekulako kaosa sortu zen. 

50. kilometroan Geraint Thomasek (Ineos) erorikoa izan zuen eta Tony Martin (Jumbo) eta Gesink (Jumbo) eraman zituen aurretik. Eta helmugarako 12 kilometroren faltan ere erorikoa izan zen, Roglic (Jumbo) faboritoa bete betean harrapatu zuena. Tropela guztiz zatituta geratu zen. Imanol  eta Miguel Angel Lopez (Movistar) bete betean hartu zuena. Euren liderrak babesten lan handia izan zuten talde gizonek. Imanol Erbitik (Movistar Team) erorikoak saihestea lortu zuen, eta 12 kilometroren faltan gertatutako erorikoaren ondotik atzean geratu zen Miguel Angel ‘Superman’ Lopez liderra laguntzeko atzean geratu zen. Azkenean, minutu bat eta 21 segundo galdu zituen. Beste liderrak, Enric Masek, eroriko saihestea eta hasierako taldean sartzea lortu zuen.

Etapa Alpecin taldeko Tim Merlierrek irabazi zuen, esprintean, eta sailkapen orokorrean Mathieu van der Poel (Alpecin) da lider, 8 segundora Julian Alaphilippe (Deceuninck) eta 31 segundora Ricard Carapaz (Ineos) dituela. Enric Mas (Movistar) 7. da, 40 segundora. Imanol Erbiti 115. postuan dago, 16:20ra. Roglicek minutu pasa galdu zuen eta sailkapen orokorrean 20. postuan dago, 1:35era. Esloveniarra ospitalera eraman zuten, saihetsean hartutako kolpea artatzeko. 

Gaur laugarren etapa jokatuko da, Redonen hasi eta Fougèresen despedituko den etapa lau laua, 150,4 kilometrokoa, ziurrenik esprintean bukatuko dena. Azken eguneko tentsio berberarekin jokatuko da, eta espero dezagun erorikorik ez egotea. 

Erbitiren 12. Tourra
Imanol Erbiti Ollo hiriberriarrak (1983-11-15) 37 urte ditu eta honakoa bere.12. Tourra da. Guztiak talde berean eta jarraian egin ditu, 2010 urtetik hona. Bere 12. Tourrarekin, Miguel Indurain eta Chente Garciaren parte hartze kopurua berdinduko du. Bera eta bere taldekide Alejandro Valverde dira tropeleko beteranoenetakoak. Jose Luis Arrieta uharte arakildarrak zuzentzen duen Movistar Team taldearendako ezinbesteko txirrindularia da Hiriberrikoa. Talde gizon preziatua da, guztia ematen duena eta liderrek bere ondoan izan nahi dutena. Aurten Enric Mas eta Miguel Angel ‘Superman’ liderrak laguntzea izango da bere egitekoa, eta baita Alejandro Valverderi sostengua ematea ere. Aipatutakoez gain, Marc Soler, Carlos Verona, Ivan Garcia Cortina eta Jorge Arcas izango ditu taldekide. 

Liderren alde aritzeko gogoz
Erbitik azaldu duenez, etapa garaipenen bat edo podiuma lortzea dira aurtengo apustuak. “Biak lortzea oso polita litzateke” adierazi du, taldekako garaipena ahaztu gabe. Izan ere, azkeneko 3 edizioetan Tourreko talderik onena izan da Movistar Team, baita 2015 eta 2016 urteetan ere. “Azken 6 urteetan podiumera igo eta taldekako txapelketa irabazi izanak erakusten du beti lehian sartuta gaudela” azaldu du. Sasoiez ongi dagoela gaineratu du, denboraldi hasieran izaten dituen alergia arazoak gaindituta, eta Miguel Angel eta Enric “momentu oso onean” ikusten dituela. Berarendako esloveniarrak eta Ineos taldea dira faboritoak, baina Movistar Team taldeak “gauza politak” egin ahal dituela. Berak argi du talde txirrindularia dela, eta bere helburu indibiduala taldekideen helburuei lotuta dagoela. “Talde gizona naizen aldetik, gogor lan egingo dut nire liderrak une gakoan egon behar duten tokian, ahalik eta hobekien egoteko. Dudan guztia eman nahi dut, lasterketan bizi-bizi egon, eta, bereziki, bizikletan disfrutatu” azpimarratu du.  

Halaber, argi eta garbi du aurten Pirinioak garrantzitsuak izango direla. “Aurten Pirinioak gakoa izango dira, Alpeak baino gehiago. Azken bi mendiko etapak, Saint Lary eta Luz Ardiden, Tourreko garrantzitsuenak izango dira ziur asko. Alpeak gogorrak dira, baina diferentziak egiteko aukera gehiago ikusten dut Pirinioetan” dio Erbitik.