Astekoa

Hamar urteko bidea

Hamar urte joan dira iritzi zutabe hau idazten hasi nintzenetik. Hamar urte luze, inguruko gertakari eta erronkek sentiarazten zizkidaten gogoetak partekatzen. Pentsa liteke irakurle zaretenoi zuzendutako ideia zurrunbilotsu soilak izan direla, egunerokotasunaren zorabioak eragindako iritzi nahaspilatuak. Nahaspila horrek, ordea, pentsamenduak antolatzen eta emozioak bere tokian kokatzen lagundu didala aitortu beharra dut. Aberasgarri egin zait buruan bueltaka narabilena paperean ikustea. Astekari hau irakurtzen duten hainbat eta hainbat pertsonak egin dizkidaten barrenetik ateratako iruzkin inprobisatuek ustekabean harrapatu naute askotan. Harridura sorrarazi didate, hizkuntza idatziak duen irisgarritasun harrigarriak eta bueltan dakartzan gutxien esperotako sariek.

Sarritan biluzte sentsazioa izan arren, hura gainditzeko bidea izan da iritzi zutabe hau niretzat. Gordeta ditut gogoeta guztiak, altxor moduan. Denbora gelditu eta argazki bat atera izan banu bezala ikusten ditut 1500 karaktere inguruko margolan hauek guztiak. Biluztu, norbera ezagutzeko. Beldurrak gainditzeko, esango dutenaren zama arintzeko eta ikusteko ezer ez dela uste bezain erabakigarri eta fatidikoa. Adierazpen askatasunaren esperientzia gozatzeko. Idatzitakotik ikasi eta akatsak identifikatzen jakiteko, haietaz lotsatu gabe, ikasten jarraitzen dugun seinale direla ohartzeko. Iritziak kontrajarriz, heldutasun baten isla ikusi eta sentitzeko. Ongi egindako lanaren harrotasuna sentitzeko. Mila esker, irakurle, zure arreta eskaini izan didazulako. Mila esker, merezi izan duelako!