Kaixo, seme:
Ez nizun esan nahi izan orduan, baina geroago ez nuen aukerarik izan. Amok dena dakigulako gure seme-alabez. Eman zenidan muxu hartan jakin nuen Europara zindoazela.
Ni engainatzen saiatu zinen, egun batzuetarako hirira lan bila zindoazela esanez, baina… muxu hark agerian utzi zintuen. Ez ninduzun sekula horrela musukatu: ixil-ixilik hurbildu zinen nigana; lurrera begira, gu bion arteko begiraden topaketa saihestuz, ezingo baitzenuen elkarri begiratzea jasan.
Ulertu nuen, amok seme-alabak ulertzen ditugulako, bazitekeela sekula elkar gehiago ez ikustea.
Elkar besarkatu genuen; bizkor estutu ninduzun zure beso artean, zurekin eraman nahiko baninduzu bezala. Sumatu nuen, amok dena sumatzen dugulako seme-alabengan, ez zuela inongo zentzurik izango elkarrekin abiatzeak.
Pentsatu nuen, amok seme-alabengan beti pentsatzen dugulako, agian ez genuela inoiz gehiago elkar sentituko. Argitasun harrigarri batekin birbizitzen ditut elkar besarkaturik bizi izan genituen segundo iheskor haiek.
Oroitzen dut zure argitasun itzalia, zure bihotzaren taupada eroa…. ateratzear bazenu bezala.
Oroitzen dut, amok den dena oroitzen dugulako seme-alabez, sentimentalismo eza hura agurrean. Nola adierazi nahi zenion zeure buruari gizona zinela jada.
Ze tuntuna: non dago idatzirik gizon bat ezin dela “erori” bere amaren aurrean? Nork esan du horrek gizon bezala gutxiago egiten duela?
Oroitzen dut zure ahoaren usain izoztua banatzean. Zure ezpainen tentsioa ni muxukatzean. Agurraren ezpainak, betira artekoak, inoiz artekoak. Eta desagertu zinen……eta orain, begietan izua dudala, eskuak negarretan, umezurtz diren hitz hauek idazten dizkizut.
Gutun azal baten babesik gabeko hitz umezurtzak kale gorrian uzten ditut. Seme, non zaude? Zer da zutaz? Mesedez, egin zerbait, esan zerbait. Itotzen naiz, hiltzen……guztiongatik jakina baita amak hiltzen garela seme-alabengatik.
*Egiazko idatzia. Fernando García Arevaloren Itsasartearen Zabalenean erakusketarako itzulia. Eskerrik asko, Fernando.