Zordun handien zorra 110.000 eurotan handitu da

Guaixe 2021ko uzt. 7a, 11:32
Kamioia industrialde batean. ARTXIBOA

Nafarroako Ogasunaren zordun handien artean ibarreko hamahiru ageri dira: industriako sei, ostalaritzako hiru, eraikuntzako hiru eta merkataritzako bat. Bi enpresak ogasunarekin duten zorra murriztu dute. Zerrendan ez da ibarreko zordun berririk sartu.

Foru Ogasunarekin duten zorra 120.000 eurokoa edo gehiagokoa duten zergadun zordunen zerrenda argitaratu du Nafarroako Gobernuak. 2020ko akaberan 673 zergapekok 319,9 milioi euro zor zizkioten Nafarroako Ogasunari. Zordunen %1,93 sakandarra da eta haiek zor guztiaren %1,33 dute. Hau da, hamahiru zergadun zordun sakandar daude zerrendan, ogasunari 4.271.874,15 euro zor dizkiotenak. 

Sakanako zorraren sektorekako azterketa eginda, industria arloko zordunek ibarreko zorraren %53,51 dute, 2.286.022,9 euro. Sei enpresa dira. Haietatik hiru itxita daude finantza erakundeek eragindako krisiak bete-betean jo ondoren. 832.758,54 euro zor dituzte. Urte batetik bestera haien zorra ez da handitu. Talde berekoak dira beste bi eta 1.332.096,14 euro zor dituzte. Azken urtean haien zorrak 82.804,12 eurotan egin du gora. Berriki itxitakoak 121.168,22 euro zor ditu. Bere arduradunek 5.635,77 eurotan murriztu dute ogasunarekin duten zorra. 

Hiru zordun ostalaritzakoak dira, eta bat batek ere ez du segitzen zerbitzua eskaintzen. Hiruren artean zorraren % 22,35 pilatzen dute, 954.899,32 euro. Haietako biren zorra zegoen bezala mantendu da eta beste batenak 4.215,64 eurotan egin du gora. Eraikuntza sektoreko hiru zordun handi ditugu Sakanan. Ibarreko zorraren %19,67 pilatzen dute, 840.2212,07 euro. Finantza arloak eragindako krisiak itxiarazi zituen bi enpresa zordun eta besteak hirugarren urte jarraian zorra murriztu du, 10.000 euro gutxiago zor ditu egun. Azkenik, merkataritza arloko enpresak ateak zabalik ditu eta bere zorra azken urteetan igo egin da; joan den urtean 39.085,38 euro gehiago. Berea ibarreko zorraren % 4,46 da.