Gobernuak alfabetatze eta gaikuntza digitaleko ikastaroak antolatu ditu

Guaixe 2021ko uzt. 8a, 09:28
Ordenagailuarekin trebatzeko ikastaroa. ARTXIBOA

Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun izanen dira garila eta iraila artean. Foru administrazioaren plan baten lehen fasea da.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak Alfabetatze Digitala Planaren lehen fasea abian jarri du. Nafarroako 31 udalerritan 39 ikastaro eginen da udan. Ikastaroak hartuko dituzten herrien artean Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasu daude. Ikastaro horiek ezagutza digitalik ez duten pertsonei zuzenduta daude. Horregatik, prestakuntza presentziala izanen da, eta 12 ordu iraungo du ikastaro bakoitzak. 

Oinarrizko mailako trebakuntza digitaleko 9 ikastaro ere emango dira, 25 ordukoak, gutxieneko ezagutza digitalak dituzten eta hainbat baliabide digitalen bidez prestatzen jarraitzeko gaitasun handiagoa behar duten pertsonendako. Ikastaro guztiak udalen eta oinarrizko gizarte zerbitzuen lankidetzarekin emanen dira, eta interesa dutenek bertara jo dezakete beren plaza erreserbatzeko.

Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren arabera, 2020an egindako diagnostikoak “biztanleriaren kolektibo edo sektore jakin batzuek duten ezagutza eta trebetasun digitalen falta erakutsi zuen. 2030erako Nafarroako Estrategia Digitalak ezartzen dituen ildoei jarraituz, Telekomunikazio eta Digitalizazio Zuzendaritza Nagusiak beharrezkotzat jo du herritarrei tresna digitaletan sartzeko eta horiek erabiltzeko aukera-berdintasuna eskainiko dieten ekintzak egitea, ezagutzei dagokienez”.

Nafar Lansarek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak joan den urtean egindakoaren antzeko Txoke Plan bat egingo da, baina, kasu honetan, aisialdirako, informazioa bilatzeko, erosketak egiteko edo parte hartzeko trebetasun digitalak hobetu behar dituzten kolektiboei zuzenduta.

Alfabetatze eta gaikuntza digitaleko ikastaroak
Herria Ikastaro mota Datak
Altsasu Alfabetizazioa Agorrilaren 3, 5, 10, 12, 17 eta 19
Etxarri Aranatz Alfabetizazioa Garilaren 13, 15, 20, 22, 27 eta 29
Irurtzun Alfabetizazioa Irailaren 27tik lastailaren 1era
Altsasu Gaitzea Garilaren 12tik 16ra
Irurtzun Gaitzea Irailaren 20tik 24ra