Astekaria

Kontsumoen prebentziorako udako eskaintza

Guaixe 2021ko uzt. 7a, 14:55

Luci Gonzalez de Pedroso Saez, Josune Zabala Ijurko eta Eneka Irizar Martinez prebentzio teknikariak.

Sakanako prebentzio programek herriz herri ibiliko den scape room-a prestatu dute. Seitik eta bederatzirako taldeetan gelatik ateratzeko korapiloak askatu beharko dituzte. Bestalde, 14 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako aurrebegirale ikastaroa antolatu dute.

Sakanan hiru dira Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, eta bakoitzak prebentzio programa du. Josune Zabala Ijurko (Irurtzun), Luci Gonzalez de Pedroso Saez (Etxarri Aranatz) eta Eneka Irizar Martinez (Altsasu) prebentzio teknikariak elkarlanean aritzen dira askotan. Zabalak azaldu duenez, “prebentzio hitzak aurreratzea esan nahi du. Guretako prebentzio estrategia oso garrantzitsua da, osasuntsua den aisialdi alternatiba eskaintzen baita”. Teknikariak gaineratu duenez, “aisialdi alternatiba ez dira ekintza hutsak, baizik eta prebentzio edukiak dituen eta osasuntsua den aisialdi eraikitzailea”. Ikuspegi hori kontuan izanik, Sakanako prebentzio programetatik bi eskaintza prestatu dituzte: scape room-a eta aurrebegirale ikastaroa. 

Scape room edo ihes gela
Talde lanean oinarrituta, enigmak, puzzleak, probak gainditu edota asmakizunak erantzunez, gela batetik ihes egiteko modua aurkitzean datza ihes gela. Gonzalez de Pedrosok azaldu duenez, “ohiko ihes gela da, baina prebentzioa du gaitzat. Zabalak esan duenez, “gela itxitik ateratzeko zenbait gauzez hausnartu edo pentsatu beharko dute. Hor, esaterako, mitoak erabiliko dira. Oso garrantzitsua da mitoak haustea, hortik ateratzeko. Gizartean oso barneratuta dauden mito asko daude. Askotan argi daukagu, horrela entzun dugulako”. Gehienbat alkoholaren inguruan aritu beharko dute. “Seguruenik, batek baino gehiagok sorpresak hartuko ditu. Oso erraz erantzungo dituelako zenbati gauza, baina, seguruenik, ongi begiratuta, erantzuna beste bat da. Horretaz konturatzea nahi dugu, kontziente edo kritikoak izatea nahi dugu. Batek baino gehiagok buelta batzuk eman beharko dizkio atera nahi badu. Kasu honetan ideia zaharrek ez baitute balio” ziurtatu du Zabalak. 

Irizarrek argitu duenez, ihes gela “gazteei zuzenduta dago. Gazte sentitzen den edozeinek parte hartu dezake. Jende helduak parte hartu nahiko balu, agian, tokiren bat gelditzen bada, ahal izanen du. Printzipioz, zeinek daki zein adinera arte den norbait gaztea edo ez, sentimenduen araberakoa baldin bada, ezta?” Gonzalez de Pedrosok zehaztu duenez, “txanda bakoitzean seitik bederatzira arteko taldeek parte har dezakete”. 

Taldeek gizarte zerbitzuetan eman behar dute izena: Irurtzun aldekoek 605 466 805 edo 948 600 694, Etxarri Aranatz aldekoek 679 534 481 edo 948 460 752 eta Altsasu aldekoek 616 841 995 edo 948 467 662. Hainbat herritan izanen da, bai udan bai udazkenean ere. Zabalak gaineratu duenez, “eskaintza ez dago inorendako itxita. Norbaitek bakarka izena eman nahi badu, guk ondoren taldeak osatuko ditugu. Garrantzitsua da lehenbailehen izena ematea, guk denbora izateko guztia ongi antolatzeko, taldeak egiteko eta denek parte hartzeko aukera izan dezaten”. Gonzalez de Pedrosok ziurtatu duenez, parte hartzaileek “oso ongi pasatuko dute. Dudarik gabe. Hori ere gure helburua da, aisialdirako beste aukera bat ematea. Ezin da hori ahaztu. Enigmak izanen dira, elkarrekin jolastu eta lantzeko. Lagun artean ongi pasatzea”. Satrustegiko Tramankulu Haur jolasak enpresak sortu du ihes gela. 

Prebentzio programen ihes gelaren datak
Eguna Herria
Garilak 14, asteazkena Etxarri Aranatz
Garilak 16, ostirala Lakuntza
Garilak 17, larunbata Ergoiena
Garilak 19, astelehena Olatzagutia
Garilak 20, asteartea Olatzagutia
Garilak 21, asteazkena Altsasu
Garilak 22, osteguna Altsasu
Garilak 23, ostirala Bakaiku
Garilak 24, larunbata Ziordia
Garilak 27, asteartea Urdiain
Garilak 28, asteazkena Iturmendi
Garilak 29, osteguna Uharte Arakil
Lastailak 30, larunbata Irurtzun
Lastailak 31, igandea Arakil

Aurrebegirale ikastaroa 
Aisialdian interesa duten 14 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta dago ikastaroa. Ikastaroa garilaren 19tik 22ra izanen da. Astelehenetik asteazkenera 10:00etatik 14:00etara eta ostegunean, 22an, berriz, 10:00etatik 18:00etara. Guztira 20 orduko iraupena du. Urtxintxa aisialdi eskolako kideek emanen dute ikastaroa, euskaraz. Ikastaroa osatzen dutenez, akaberan ziurtagiria jasoko dute. Aurrebegirale ikastaroa aisialdi begirale titulazioa ematen duenaren aurreko pausoa da. Azken hori, normalean, 18 urtetik gorakoendako da. Doako ikastaroa da, izena eman nahi duenak 616 841 995 telefonora hots egin edo whatsappa bidali dezake. Izena emandakoen arabera ikastaroa Etxarri Aranatzen edo Altsasun eginen da. 

Zabalak azaldu duenez, “ludotekatik eta gazteen baliabideetatik kanpo gelditzen direnendako da. Interesa dute beraien herrian gauzak egiteko, herriko gauzak aldatzeko…” Parte hartzaileek aisialdian dauden hainbat aukera aztertu eta ezagutzeko aukera dute, eta horiei buruz hausnartzeko aukera ere bai. Ondoren, herrirako proposamenak egiteko eta aurrera eramateko aukera izanen dute. Gonzalez de Pedrosok gaineratu duenez, “gazteak mugitzeko eta haien interesak lantzeko ikastaroa da. Hori guretako ‘baratzea’ da, erreferentzia diren gazteak izateko. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Prebentzio estrategia bat ere bada. Haiekin landu, haien ideiak jaso…”

Irizarrek esan duenez, “ikastaroak gazteei aukera ematen die aisialdiaren arloa ezagutzeko, eta ikusteko beraien interesen barruan dagoen edo ez. Eta, ondoren, nahiko balute, begirale ikastaroa egiteko aukera lukete, luzeagoa dena. Azken horrek lan aukerak eskaintzen ditu”. Normalean begirale ikastaroa 18 urtetik gorakoendako izaten da. 

Jaibusa 
COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak guztia aldatu du. Gonzalez de Pedrosok azaldu duenez, “azken ikerketen arabera, hainbeste ateratzen ez garenez, kontsumoak jaitsi egin dira. Hala ere, ezin dugu esan arazorik ez dagoenik, ez dagoela kontsumorik”. Izan ere, prebentzio teknikariak jakitun dira jendea ateratzen ari dela eta kontsumitzen ari dela. “Esaterako, herritik kanpo kale edana egitera joaten dira, eta norbait erortzen bada, gauez, inguruan heldurik ez badu… Horrek arriskuak dakartza. Kontuan hartu behar dugu. Ez dira gazteen kontuak. Gizarte kontsumista gara. Hori ere ezin dugu ahaztu”, gaineratu du Etxarriko prebentzio teknikariak. 

Ziurtasunik ematen ez duen testuinguruan, hirurek pentsatu zuten herrietako festarik ez zela egonen eta, beraz, ezta Jaibusik ere. “Nafarroako Gobernukoekin hitz egin genuen, eta esan ziguten inondik inora ezin zela eskatu, dirulaguntza horiek ez zirela egonen”, azaldu du Zabalak. Eta alkate baten esana aipatu du duten kezka adierazteko: “legeak buru gainean daude, baina errealitatea aurreko aldean. Eta ez datoz bat”. Irurtzungo prebentzio teknikariak bestela esanda: “festarik ez dago eta, beraz, ez dago istripuak prebenitzeko kanpainarik. Baina ikusten dugu jendea elkartzen ari dela, ateratzen ari dela. Baina ez daude prebentziorako zeuden estrategia horiek. Ezin dira neurri batzuk jarri. Egoera kezkagarria iruditzen zaigu”. Zabalak gaineratu duenez, “eskuak lotuta ditugu. Festarekin lotura duen ezer ezin dugu egin, ezta bultzatu ere; baina guk ikusten dugu, eta kezkatzen gaitu eskuak lotuta izateak eta ezin estrategiak, proiektuak edo baliabideak martxan jarri”. 

Irizarrek aitortu duenez, “Jaibusa errekurtso paregabea da. Haren inguruan gauza pila landu daitezke”. Eta bere Irurtzungo lankideak esandakoan sakondu du: “dugun errealitate honetan ezin da antolatu, festa ofizialik ez dagoelako. Gu erakunde garen heinean, ezin dugu baliabide bat jarri, nahiz eta jakin festak beste modu batean egiten ari direla”. Irizarren beste hausnarketa: “agian herri batetik bestera ez da hainbeste mugitzen, baina, agian, mendian egiten dituzte festak eta mendira igo eta menditik jaitsi horretan arrisku handiak daude. Horregatik gaude egoera zailean”. 

Pandemia testuinguruan ere istripuak izaten dira. Horregatik, Irizarrek aholkua eman du: “kontsumituko dugula jakinda, kontrolatu, nola jokatu jakin eta aldez aurretik pixka bat pentsatu”. Zabalak ideia bera azpimarratu du: “edatean edo kontsumitzen denean autorik ez hartu. Edo autoa hartzen duenak ez dezala edan. Europako herrialde batzuetan hori oso argi dute. Jaibusik ez dago, baina ahalik eta gehien garraio publikoa erabili. Eta kontsumitu behar bada, mesedez, autorik ez hartu. Horrela etxetik atera, ongi pasatu eta etxera ongi bueltatuko gara”.