Sarek "etxerako bidean" nahi ditu presoak

Guaixe 2021ko uzt. 1a, 19:05

Sareko kideak mainfestazioan parte hartzeko deia egin dute. UTZITAKOA

Larunbatean, 18:00etan, Iruñeko Gotorlekuko harresia inguratuko duen 'Ibilian-ibilian, etxerako bidean' manifestazioan parte hartzera deitu du Sarek. 

Orain etxerako bidea jartzeko unea da. Sareko kideek hala uste dute, jakina, euskal presoez ari dira. Horregatik, larunbateko manifestazioaren bidez Sarek aldarrikatuko du "etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika amortizatzea, eta lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzea, gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza ardatz izateko".

Horrekin batera, Sarek etxerako bidean nahi ditu presoak eta Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzea eskatuko du, "non dagozkien espetxe-neurriak aplikatu beharko zaizkien". Izan ere, Sareko kideen iritziz, "gure herriak sufrimendu asko bizi izan du, bizitza asko galdu eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu dira, eta gizarte gisa berreraiki egin behar dugu, bizikidetza oinarri hartuta". Eta gogorarazi dutenez, "euskal gizartearen zati handi batek euskal presoen giza urraketak bertan behera uztearen alde egin du, bakoitzaren ideologia edo alderdia alde batera utzita". 

Aldarrikapen zehatzak
Sarek exijitu du gaixotasun larriak dituzten pertsonak eta 70 urtetik gorakoak kartzelatik "berehala" ateratzea. Aldi berean, gogorarazi duenez, "espetxeratutakoen %90ek baino gehiagok, irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izanen lukete legeria arrunta aplikatuta. Ondorioz, aspaldi egongo ziratekeen hirugarren gradua lortzetik hurbil, kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin". 

Sarek gaztigatu duenez, "pesoen heren batek baino gehiagok beteta dituztelako –batzuek aspaldi– auzitegiek ezarritako kondenaren hiru laurdenak. Salbuespenezkoa ez den espetxe-politika bat aplikatuta, hirugarren graduan leudeke jada, eta baldintzapeko askatasuna izango lukete". 2003ko lege aldaketarekin  60 euskal preso inguru "salbuespenezko araudi bat aplikatuta epaitu eta zigortu zituzten" eta, ondorioz, "zigorrak oso-osorik eta modu efektiboan bete" behar dituzte, 40 urteko kartzela zigorrak. Haiei araudi arrunta aplikatzea eskatu du Sarek. Bestetik, gogoratu du Frantzian kartzela zigorra bete duten 50 presori salbuespenezko legedia ezarria zaiela eta, ondorioz, "Europar Batasunean espetxean betetako urteak zenbatzea eragozten die".