Koronabirusa Sakanan

Aste honetan 1.830 txerto jarri dituzte

Guaixe 2021ko uzt. 2a, 14:59

Erizainak txertoak prestatzen. ARTXIBOA

30 eta 39 urte bitarteko sakandarrek jaso zuten atzo. Eta Burunda mendebaldeko 45 eta 49 urte artekoak bigarren dosiarekin ziztatu zituzten herenegun 

Osasunbideak COVID-19 gaitzaren kontrako 53.051 txerto jarriko ditu aste honetan. Asteburuan hasi ziren 30 eta 39 urte artekoei txertoa jartzen, eta talde horretakoen txertaketak astean zehar segida izan du. Gainera, aurrera egin da lehenengo dosiak bukatzeko 40 eta 49 urte arteko taldean, baita jarraibidea ixteko ere, bai talde horretan, bai 50 urtetik gorakoetan.

Altsasuko Burunda pilotalekua herenegun eta atzo txertaketa gune bihurtu zen. Asteazkenean Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko 45 eta 49 urte arteko 630 herritarrek txertoaren bigarren dosia hartu zuten. Atzo, berriz, Irurtzungo kiroldegitik eta Altsasuko frontoitik 30 eta 39 urte arteko Sakanako hiru osasun eskualdeetako eta Leitzako 1.200 herritar pasa ziren txertoaren aurreneko dosia jasotzera. Bi egunetan Pfizer txertoa jarri dute Osasunbideko langileek. 

Hitzorduez
Osasun Departamentuak gogorarazi duenez, jada ez da beharrezkoa SMS bat jasotzea txertoa hartzeko hitzordua kudeatzeko. Beren dosia jasotzeko aurrez kontaktatu ez diren 30 urtetik gorako guztiek txertoaren data online aukera dezakete www.citasalud.navarra.es webgunearen bidez. Hitzordua Osasuneko Karpeta Pertsonalaren bidez egin daiteke, aktibatuta edukiz gero, edo web bidezko hitzorduaren bidez, osasun-txartelaren zenbakiarekin eta jaiotze-datarekin. Bestela, telefonoz ere eskuratu daiteke hitzordua, 948 370 130 telefono zenbakira hots eginez. 

Osasunbideatik azaldu dutenez, “orain arte martxan zeuden txertaketa-prozesuari buruzko informazio-kanalak irekita daude. Horrela, txertoei buruzko edozein zalantza edo gorabehera Infovac herritarrei informazioa emateko zerbitzura jo daiteke, 948 370 120 telefono zenbakira hots eginez edo txertaketa@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidaliz.