Erabakitzeko eskubidearen aldeko "herri gogoa" agerraldia egiteko deia

Guaixe 2021ko uzt. 1a, 19:57

Hamaika GAra ekimeneko kideak Bilboko hitzordurako deialdia egiten. UTZITAKOA

Larunbatean, 17:30ean,  Bilboko Areatzan, 'Hamaika Gara erreferendumaren alde' lelopean. Gure Eskuk eta Hamaika Gara ekimenaren gainerako eragile sustatzaileek Euskal Herri mailako mobilizazio bat deitu dute.

Gure Eskuko eta Hamaika Gara ekimeneko kideen iritziz, "gaurkotasuneko gaia da erreferenduma". Izan ere, "azken hilabeteotan herritarron kezka nagusiak osasun krisia eta krisi sozial eta ekonomikoa izan badira ere, begi-bistakoa da krisia hobeto kudeatzeko eta krisitik nola irtengo garen erabakitzeko burujabetza behar dugula, erabakitzeko ahalmena behar dugula". Horregatik, Gure Eskuk eta Hamaika Garak "begirada altxatzen hasteko garaia" dela uste dute, "unean-uneko premiek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin".

Mobilizazioaren deitzaileek azaldu dutenez, "Europan zein Frantzia eta Espainiako Estatuetan, erreferendum bidez erabakitzea izanen da lurralde auziei konponbide demokratikoa emateko tresna". Udazkenean Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politiko berriari buruzko eztabaida berraktibatzeko asmoa iragarri dute hainbat ordezkari politikok azken asteotan. Eta, horregatik,  Gure Eskuk eta Hamaika Garako kideek "erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko aukera historikoa" dela uste dute, "ez gaude hori baino gutxiago onartzeko prest", gaineratu dute. 

Ibaia eszenatoki
Bilboko Areatzara garaiz joateko deitu dute antolatzaileek, "sarrera-irteeretan jende pilaketak saihesteko". Burujabetzaren aldeko aldarriak eramateko dei ere egin dute: kartelak (eredu posibleak www.hamaikagara.eus web gunean) edo bestelakoak. Bi eszenatoki egongo dira: uretan bata eta lehorrean bestea. Bilboko ibaian ibiliko den itsasontzi batetik Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituñoren emanaldiak eskainiko dira eta Areatzako eszenatokitik zabalduko dute diskurtso politikoa. Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko modu asko dago, ordea, eta era original eta alai batean ere egingo dute: Itziar Ituñok eta Duplako Beñat eta Garik Instagramen botatako erronkari eutsiz, Areatzara gerturatutako jendeak Hamaika Gara abestiarekin dantzatuko du. 

Mobilizazioan parte hartzeko asmoa duen jendeari "konpromiso txartela" eskuratzea proposatu diete antolatzaileek. Zenbat jende joanen den jakinda, osasun neurriak egokitu ahalko dituzte, eta mobilizazioaren gastuei modu kolektiboan aurre egin. 5 euro balio du txartelak eta Hamaika Gararen dendan eskura daiteke.