Berria Zabalik kanpainak saridunak ditu

Guaixe 2021ko uzt. 2a, 13:28

Maria Perez Arellano eta Alberto Angiano Aguado sariekin, antolatzaileak eta babesleak lagun dituztela.

Mari Perez Arellanok 1.000 euro eskuratu ditu kanpainan parte hartu duten establezimenduetan kontsumitzeko. Altsasuko Txartel kopia dendak, berriz, 1.000 euroko bonoa du Berria egunkarian publizitatean gastatzeko. 

Euskara hutsezko egunkariak estreinakoz Berria Zabalik kanpaina Nafarroara ekarri du, zehazki Sakanara. Ekimenaren helburua da “tokiko merkatari txikiak biziberritzea”. Berriako Irati Azkue Leunda esan duenez, kanpaina “arrakastatsua izan da. Sakanako eragileen erabateko babesa izan du hasiera-hasieratik, Sakanako Mankomunitatea eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkartekoen aldetik”. Azkuek azaldu duenez, “guztira, 45 denda eta tabernek parte hartu dute, eta 6.000 txartel inguru bete dira. Horretaz gain, nahiz eta establezimendu batzuentzat ekaineko hilabetea mota honetako egitasmoak egiteko aproposena ez izan, harrera positiboa izan du kontsumitzaileen artean, eta hainbat dendatan txartelak agortu egin dira”. 

Beraz, Berria Zabalik kanpainari sakandarrek “harrera oso ona” egin diotela gaztigatu du, “parte hartzea altua izan delako, eta Berriaren presentzia Sakanan indartu delako, baita BERRIAlagunen komunitatea indartu ere”.

Bat egin zuten establezimenduetan erosketak egiten zituztenek haien datuekin txartela bete eta kanpainarekin parte hartu duten establezimenduetan gastatzeko 1.000 euroko txartela zozketatu dute. Saria Maria Perez Arellano altsasuarrak eskuratu du. Pozik zegoen sariarekin. Familiakoak ere hala daudela gaineratu du, haiek ere erosi beharrekoen zerrenda egiten hasi direla. Bestetik, bat egin zuten establezimenduen artean Berriakoek 1.000 euroko bonoa zozketatu zuen egunkariaren paperezko eta webguneko edizioan publizitatean jartzeko. Sari hori Altsasuk Txartel kopia dendak eskuratu du. Alberto Angiano Aguado ere pozik zegoen sariarekin eta Berriako ordezkariekin elkartzekoa da heldu den astean publizitate plangintza egiteko.  

Eskertzea
Berriaren izenean Azkuek nabarmendu “kanpainan parte hartu duten eragileek izan duten prestutasuna eta haien enganamendua”. Batetik, Sakanako Mankomunitateari eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteari eskerrak eman dizkie. Bestetik, Rural Kutxari ere esker ona adierazi dio, “kanpainako babesle izateagatik eta diruz norbanakoen 1.000 eurotako saria eskaintzeagatik”. Bukatzeko, “gure esker ona adierazi nahi dugu kanpainan bertan parte hartu duten norbanakoei, jarrera ezin hobea izan dutelako eta haiek izan direlako egitasmoaren ardatzetako bat” gaineratu du.