Pilota

Joseba Ezkurdia Nafarroako Lau eta Erdiko finalik gabe geratu da

Guaixe 2021ko uzt. 5a, 11:20

Jokin Altunak 22 eta 17 irabazi zion eta arbizuarrak ez du sanfermin eguneko final preziatua jokatuko eta Binakako Sanfermin Torneoan ariko da, Martija bikote duela. Zabaletak, aldiz, Peio Etxeberria izango du bidaide

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak Aspe adarreko Nafarroako Lau eta Erdiko finalerdia jokatu zuten larunbatean Sopelan. Ikusmina handia zen, egungo bi aurrelaririk onenetakoen arteko finalerdia baitzen, final kutsua zuen partida, baina ez zen aurreikusi bezain maila handiko partida izan, bi pilotariek ez baitzuten bere ohiko maila eman. Ezkurdia deseroso antzean ibili zen, eta Altunari ez zitzaion bere ohiko kontrol sentsazioarekin ikusi. Esan daiteke Altunak aldea sakez egindako tantoekin lortu zuela, 6 egin baitzituen, Ezkurdiak lortutako bakarraren aurrean, eta sake eta errematearekin lortutako 4 tantoei esker. 

Altuna aurreratu zen hasieratik. 11 eta 6-ko aldea lortu zuen, baina Ezkurdiak ez zion ihes egiten utzi eta 11 eta 9 eta 15 eta 11 gerturatu zitzaion Altunari. Hortik aurrera aldea atera zuen arbizuarrak eta lehenengoz aurreratu zen, 15 eta 17, sei tanto segidan egin eta gero, baina Jokin Altunak ongi erantzuten jakin zuen eta 7 tantoko takadari esker, 22 eta 17 irabaztea lortu zuen. Horrela, amezketarrak Nafarroako Lau eta Erdiko bere laugarren finala jokatuko du jarraian, 2017, 2018 eta 2019 urtekoen atzetik, joan den urtean ez baitzen txapelketa jokatu, pandemiagatik. Altunak Baikoko adarreko finalerdian Agirreri 6 eta 22 irabazi zion Laso izango du aurkari  uztailaren 7an, asteazkena, goizeko 11:30etatik aurrera Labriten jokatuko den finaleko jaialdian. Finala publikorik gabe jokatuko da. 

Ezkurdia, Martija eta Zabaleta Binakako Sanfermin Torneoan
Uztailaren 8tik 11ra Binakako Sanfermin Pilota Torneoa jokatuko da. Ostiralean aurkeztu zuen jaialdia EPEL-ek, Iruñean, eta kasu honetan publikoaren aurrean jokatuko dira partidak. Aforoaren aldetik 602 pilota zale bildu ahal izango dira Iruñeko Bomboneran. Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak bikoteetako bat osatuko dute, eta Jose Javier Zabaletak Peio Etxeberria izango du bidaide Aspeko bigarren bikoan. Baikoko bikoteak Olaizola II.a-Mariezkurrena II.a, Urrutikoetxea-Albisu izango dira. 

Sanfermin Torneoko lehen jaialdia uztailaren 8an jokatuko da, osteguna. Olaizola II.a-Mariezkurrena II.ak Urrutikoetxea eta Albisu izanen dituzte aurkari. Hurrengo egunean, ostiralean, Ezkurdia-Martijak Peio Etxeberria eta Zabaleta izanen dituzte aurkari. Eta bi partidetako irabazleak Sanfermin Torneoko final handia uztailaren 11n, jokatuko dute, igandean, 17:30etik aurrera. Aurretik, larunbatean, Urzante Erronka jokatuko dute Aspeko eta Baikoko pilotariek, hiru modalitateetan.