Txirrindularitza

Erbitik sendo jarraitzen du Pogacarrek agintzen duen Tourrean

Guaixe 2021ko uzt. 5a, 11:40
Imanol Erbiti atzoko Alpeetako etapa euritsu eta gogorrean. Argazkia: BettiniPhoto / Movistar Team.

Hiriberriko txirrindularia ostiraleko ihesaldi erabakigarrian sartu zen eta euren liderren alde lan izugarria egiten ari da

Imanol Erbitirendako (Movistar Team) aurtengo Tourra bere 12. Tourra da, guztiak jarraian, eta Hiriberriko txirrindulariak lehen Tourrean bezain erabakigarri izaten jarraitzen du 12 urte beranduago. Talde gizon bikaina eta estimatua, bere liderrak defendatzeko begiak txoko guztietan ditu, adi-adi, eta talde lan ikaragarria egiten jarraitzen du. Esaterako, Roglic (Jumbo) jokoz kanpo geratu zen ostiraleko etapa garrantzitsuan Imanol Erbiti ihesaldi erabakigarrian sartu zen, “gerta daitezkeen  edozein alternatibaren aurrean babesteko eta sailkapen orokorrean gure aukerak defendatzeko”. Eta bai helburua lortu ere, Enric Masek gainontzeko faboritoek galdu zuten denbora bera galdu baitzuen, ez gehiago, Roglici gertatu zitzaion bezala. Eta aipatzekoa da esloveniarrak Tourra utzi duela, 3. etapako erorikotik ez baita osatzen eta horrela egoteak ez baitu zentzurik. Helburu berriak prestatuko dituela erabaki du Roglicek. 

Atzo Alpeetan ibili zen tropela, euripean, txirrindulariei oso aldapa gora egin zitzaien etapan, eta Pogacarrek (UAE) gainontzekoak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen. Sailkapen orokorrean lider sendoa da, 2:01 minutu ateratzen baitizkio Ben O´Connori (AG2R) eta 5:18 minutu Rigoberto Uran (Education First) hirugarrena. Imanol Erbitiren lider Enric Mas 6. postuan dago, 5:47ra, podiumerako aukerekin, Hiriberrikoaren zorionerako. Erbiti 79. postuan dago, 1:14:36ra. 

Gaur atseden jardunaldia dute eta bihar, uztailaren 6an, Albertvillen hasi eta Valencen despedituko den 190 kilometroko etapa laua dute aurrez aurre.