Mendia

Gasteiz eta Iruñea lotuko duen BUTS Sakanatik pasako da

Guaixe 2021ko uzt. 8a, 12:00

Joxeja Maiza etxarriarra, 2019ko BUTS-eko etapa bat despeditzen. Argazkia: BUTS.

Uztailaren 23an hasi eta 25ean despedituko da Basque Ultra Trail Series Txapelketako bigarren etapa, eta Entziatik Urbasara sartuko da, Urbasa-Andian aurrera eginez Beriaindik Ollora sartzeko. Dantzaleku Sakana taldekoek antolakuntzan lagunduko dute

Trail 52 Sport Mendi Klubak Basque Ultra Trail Series (BUTS) antolatzen du, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak mendirik mendi lotzen dituen mendi lasterketa erraldoia. Lau etapa izaten dira guztira. Azken edizioa 2019an izan zen. Bilbao-Gasteiz arteko etapa 2019ko ilbeltzaren 22an eta 24an egin zuten (110 km) eta hurrengo hiru etapak urte berean jokatzekoak ziren, baina pandemiak guztia gelditu zuen eta ordutik ez da ezer gehiago egin. 

Antolatzaileek formula aldatu dute eta BUTS-a  zatika egitea erabaki dute. Aurten, uztailaren 23tik 25era, Gasteiz eta Iruñea arteko etapa egingo da (130 km, 6.100 m desnibel +). Etapa hau Lautadatik Sakanara sartzen da, hau da, Opakuatik eta Entziatik barna Urbasara, eta Urbasa-Andia eta Arbizuko kanpinetik pasa eta gero, Beriain igo eta Ollotik barna Iruñera (Antsoain) helduko da. Azkenik, datorren urtean, 2022an, azkeneko bi etapak egingo dira: maiatzaren 6tik 8ra hirugarren etapa, Iruñean hasi eta Donostian despedituko dena (120 km), eta urriaren 7tik 9ra laugarrena eta azkena, Donostian hasi eta Bilbon despedituko dena (140 km eta 8.000 metroko desnibel positiboa). 

BUTS Txikia ere Sakanatik pasako da
BUTS nagusiarekin batera, BUTS Txikiak antolatu dituzte. Horrela, BUTS-eko bigarren etaparekin batera jokatuko den BUTS Txikian, Arabako Andoin eta Iruñea (Antsoain) batuko dituzte. Hau da, BUTSeko bigarren etapako azken tartea izango da. Beraz, Gasteiztik hasi beharrean, Andoindik hasiko dira mendizaleak, Iruñera arte (75 km, 3.950 m desnibel +), ibilbide bera eginez. Hortaz, Entziatik Urbasara sartu, eta Urbasa-Andiatik barna Beriain igo eta Ollotik Iruñera helduko dira. BUTS Txiki hau, aldi berean, Nafarroako Banakako Ultra Txapelketa izango da. BUTS nagusirako eta BUTS Txikirako izena ematea zabalik dago www.basqueultratrail.com web gunean.

Dantzalekukoak lanean
Aurreko edizioetan egin bezala, Dantzaleku Sakana klubeko mendi sekzioak BUTS-en antolakuntzarekin bat egingo du eta bigarren etapan, Opakuatik Lizarragaraino joango dira Dantzalekuko boluntarioak, martxa ixten, balizak eta seinaleak kentzen, guztia txukun uzten eta korrikalariren bat atzean geratuz gero, haiek artatzen.