Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea

Gasbidearendako beste trazadura bat eskatu dute

Guaixe 2021ko uzt. 7a, 10:33

Gasbideari buruz Irurtzungo kultur etxean egindako hitzaldia. ARTXIBOA

Lekunberrirako gas Aralar mendian barrena ez eramateko eskatu dute lau erakundek. Proiektuak ondorio “kaltegarriak” ekar litzakeela gaztigatu eta “eztabaida irekia eta gardena” behar duela uste dute lau erakundeetako kideek.

Lekunberriko Antonea etxean Aralar: Kirikuren begirada erakusketa ikusgai dago. Hura garagartzaroaren 25ean mustu zuten. Mustutze ekitaldian Nafarroako Gobernuko Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Estrategia Proiektuetako kontseilari eta lehendakariorde Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenak paisaia, historia, kultura eta giza alderdiak kontuan hartuta, natura eta ingurumen-ondarea babestearen alde hitz egin zuen. 

Aierdiren adierazpen horiek Nafarroako Gobernuak Etxeberri eta Lekunberri lotzen dituen 14 kilometroko gasbidea eraikitzeko emandako baimenarekin “guztiz kontrajarriak” dira. Hala uste  dute egitasmo horren kontra dauden Larraun Ura eta Lurra, Aralar Zaindu Dezagun, Ondare Kultur Taldea eta Kalaxka Elkarteak. 

Gogorarazi dutenez, Nedgia enpresak gasbidea eraikitzeko 8 metroko zabalera duen bide bat irekiko luke. Gasbidearen 14 km-etatik 5 Aralarko Babes Bereziko Gunean barna direla nabarmendu dute. Jakinarazi dutenez, lanengatik 5.000 zuhaitz baino gehiago moztuko lituzkete, tartean pagadiak, pinuak, haritzak eta babestutako espezieak. “Ondare horrek 500 urte baino gehiago iraun du, eta enpresak ez du inguru kaltetua basoberritzeko plan argirik aurkeztu. Gainera, gasbidea lurpeko haitzuloz eta akuiferoz betetako paraje karstikoetatik pasako litzateke, eta ez dakigu zer-nolako azterketa topografiko eta geologikoak egin diren”. 

Lau erakundeetako ordezkarien iritziz, “Nafarroako Gobernuak ez ditu behar beste baloratu ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriagoak diren beste aukera batzuk, eta horrek, errealitatean, proiektu bat inposatzea dakar. Horrek obrak judizializatzea eta Aralar inguruko bizilagun, kontzeju eta udalerriekin gatazka sortzea ekarri du”. Bozeramaileek gaineratu dutenez, “ garapen jasangarria egituratzen duten hiru ardatzetan lan egiteko espazioak ireki behar direla: ingurumena, ekonomia eta gizartea”. 


Ildo horretatik, gure kezka adierazi nahi dugu proiektu honek eragin ditzakeen ondorio kaltegarriengatik, eta uste dugu, diskurtsoetatik harago, garapen jasangarria egituratzen duten hiru ardatzetan lan egiteko espazioak ireki behar direla: ingurumena, ekonomia eta gizartea. Gure inguruari eragiten dioten arazoen berri ematen jarraituko dugu, eta kasu honetan, gasbidearen proiektuak eztabaida irekia eta gardena behar duela uste dugu.