Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako kanpaldia hartuko du Bizkaiko Atxondo herriak hilaren 30etik agorrilaren 1era. Nafarroatik hara joateko eta, bide batez, AHT egitasmoa salatzeko, bizikleta martxa antolatu du AHT Gelditu!-k. Hiru etapatan eginen dute Iruñea eta Atxondo arteko ibilbidea. Aurreneko etaparen helmuga Etxarri Aranatz izanen da. Iruñetik hilaren 28an, asteazkenean abiatuko da eta harekin bat eginen duten zutabeak osatzera deitu dute.
Bizikleta martxan parte hartu nahi dutenek hilaren 25era arteko epea dute izena emateko. Horretarako, 675 613 651 telefonora hots egin edo ahtrikeznafarroa@gmail.com e-postara idatzi daiteke.
Oharrak
Martxan parte hartzen dutenek eraman beharreko materiala honakoa da: lo zakua, esterilla, eta aldatzeko arropa bizkar-zorro handi batean sartu behar dira (laguntza-kamioian eraman eta etaparen bukaeran itzuliko da). Bestalde, egunean zehar beharrezkoa dena soinean edo bizikletan eraman behar dute parte hartzaileek. Martxan parte hartzen dutenek nahi eta nahi ez kaskoa eraman beharko dute. Tropelaren atzetik, laguntza emanen duen furgoneta joanen da.
Bizikleta martxako hiru egunetan parte hartzen dutenek 30 euro pagatu beharko dute. Horien truke hiru egunetako gosariak, hamaiketakoak, bazkariak eta afariak izanen ditu. Egun bakar batean parte hartzen duenak 12 euro pagatu beharko ditu eta otordu bategatik, berriz, 7 euro. Horien barne ez daude ostiraleko afaria ezta kanpaldiko gainerako otorduak ere. Kanpaldian gelditzen direnak bizikletak Iruñera kamioiez eramateko zerbitzua izanen dute eta beraiek antolakuntzaren ibilgailuetan bueltatuko dira.
Egitaraua
- Garilak 28, asteazkena. Iruñea-Etxarri Aranatz
09:30 Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean.
14:00 Irurtzunen bazkaria.
17:00 Irurtzundik abiatu.
18:00 Uharte Arakil.
19:00 Etxarri Aranatzera iritsi. Afariaren ondoren, sorpresa. - Garilak 29, osteguna. Etxarri-Aranatz-Etura
09:30 Etxarri Aranaztik abiatu.
10:30 Altsasu.
11:30 Ziordia.
20:00 Etura. - Garilak 30, ostirala. Etura-Kanpazar-Atxondo
09:30 Eturatik abiatu.
18:30 Atxondora iritsi.