Pilota

Sakandarrak elkarri mokoka Binakako Sanferminetako Torneoan

Guaixe 2021ko uzt. 9a, 11:30

Ezkurdiak eta Zabaletak 2019ko Binakako Sanferminetako Torneoa irabazi zuten, eta aurtengoan arerioak izango dira.

Ezkurdiak eta Martijak Etxeberria eta Zabaleta dituzte aurkari, gaur, ostirala, 22:15ean Labriten. Irabazleek Urrutikoetxea eta Albisu dituzte zain igandeko final handian

Atzo eman zitzaion hasiera Binakako Sanferminetako Torneoari, Baiko adarreko kanporaketarekin. Olaizola II.a eta Mariezkurrena II.a 2 tantotan utzi zituzten Urrutikoetxeak eta Albisuk aspaldiko partez zaleen aurrean Labrit pilotalekuan jokatutako partidan. 

Gaur, ostirala, Aspeko kanporaketa jokatuko da eta Eibarko sustatzaileak jaialdi oso erakargarria prestatu du. 2020 urteko Binakako Txapelketako txapeldunek, Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Julen Martija etxeberriarrak, atzera ere bikotea osatuko dute eta Peio Etxeberria eta Jose Jabier Zabaleta izanen dituzte aurkari. Tentsio handiko partida izango da, pilota zaleen ikusmina piztu duena eta Labriteko aforoa –602 pilota zaleendako tokia baimendu dute– ziurrenik beteko duena. Irabazleak igandean Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra jokatuko den final handirako sailkatuko dira.