Lan bati baiezkoa, beste lau erreserban

Guaixe 2021ko uzt. 9a, 09:39
Atakondoa eskola publikoa. ARTXIBOA

Ikastetxe publikoetan hobekuntza lanak egiteko proiektua onartu diote Irurtzungo Udalari eta erreserban gelditu dira Etxarri Aranazkoa eta Olatzagutikoa. 

Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak hobetzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egiteko dirulaguntza deialdia ebatzi du Nafarroako Gobernuak. Bi milioi euroko poltsa zuen deialdiak, eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusi Begoña Unzue Velak emandako ebazpenak zehazten du zein udal eta kontzejuri onartu dizkion dirulaguntzak. 

Sakanako bakarra dago onartutakoen artean. Irurtzungo Udalak Atakondoa ikastetxeko berogailuaren sektorizazioa egiteko 56.611,15 euro aurreikusi du eta lanen aurrekontuaren %80 Hezkuntza Departamentuak jarriko du, 45.288,92 euro. Zehazki honako lanak eginen dira: 70 termostato jarri, ur-ponpak kendu eta ordezkatu eta berogailuetan balbulak jartzea.

Dirulaguntzarik gabe gelditu dira beste bi udal, baina departamentuak zehaztutako lehentasunezko lanen zerrendan daude. Hirugarrena Olatzagutiko Udala da, Domingo Bados eskola publikoko kanpoko patioa konpontzeko 47.262,60 euroko aurrekontua aurkeztu zuena.

Beste toki administrazioek laguntzari uko egiten badiote edo departamentuak diru poltsa handituko balu, Olatzagutiko Udalak lan horretarako 37.810,08 euro jasoko lituzke. 23. eta 24. postuetan Olatzagutiko Udalaren beste bi lan daude: eskolan LED argiak jartzea (8.288,50 euroko aurrekontua eta 6.630,80 euroko laguntza) eta ikastetxearen kanpoko zurajea aldatzea (3.100,02 euroko aurrekontua eta 2.480,02 euroko laguntza). Azkenik, Etxarri Aranazko Udalak San Donato ikastetxean LED argiak jartzeko eskaera (8.288,50 euroko aurrekontu, 6.630,80 euroko aldaketa) 56. postuan dago.