Giza eskubideei buruzko tailerra liburutegietan

Guaixe 2021ko uzt. 9a, 12:57
Irurtzungo eta Urdiaingo liburutegietan 'Esku irekiak, hau eskubide bat da!' tailerra eginen da. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuaren 'Bakea eta bizikidetza lantzen duten liburutegiak' programak 5 eta 8 urte arteko haurrendako tailerrak emanen ditu.

Kultura eta Kirol Departamentuko liburutegien zerbitzua eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zerbitzuak elkarlanean bultzatzen dute Bakea eta bizikidetza lantzen duten liburutegiak programa. Haren bidez Nafarroako liburutegi publikoen esku jarri ditu berriz ere 5 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeendako tailerrak. 33 liburutegik baiezkoa eman diote, tartean Irurtzungoak eta Urdiaingoak. 

Garilean eta agorrilean eginen diren tailerren helburu nagusia giza eskubideen gaia alderdi artistikotik, bizipenezkotik eta gogoetatsutik lantzea da, bat eginez Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Agendaren ekintza-estrategiarekin. Zehazki lehenengo, bigarren, hirugarren, laugarren, hamargarren eta hamaseigarren helburuetan, hau da, pobreziaren akabera, gosea zero, Osasuna eta ongizatea, kalitatezko Hezkuntza, Desberdintasunak murriztea eta Bakea, Justizia eta Erakunde sendoak, hurrenez hurren.

Sakanako bi liburutegietan eginen da tailerra. Inma Gurrea, Izaskun Mujika eta Marisa Serranok dinamizatuko dute, eta Esku irekiak, hau eskubide bat da! izenburua du. 5 eta 8 urte arteko haurrei zuzenduta dago tailerra eta ordubeteko iraupena izanen du. Saioak bi zati ditu: bata ahozko narrazioa eta, bestea, jarduera praktikoari, sortzaileari eta artistikoari eskainia.

Hainbat ipuinen bidez, bi kontzeptu landuko dira: eskubideen unibertsaltasuna eta Eskubide orok betebehar bat dakar. Ahozko kontakizunaren ondoren, Eskubideen basoa eginen da, eta, horren ondorioz, esku ireki desberdinak, askotarikoak eta sortzaileak dituen basoa sortuko da. Baso horrek gogoraraziko du eskubideak pertsona guztien artean egiten ditugula eta pertsona guztienak direla. Emaitza liburutegian geldituko da.  Tailerra Irurtzunen garilaren 29an, ostegunean, eginen da. Eta Urdiainen oraindik ez da data zehaztu. Bietan saioak euskaraz izanen dira.