Mugikortasun aktiborako planerako ekarpen eske

Guaixe 2021ko uzt. 8a, 14:51

Bi txirrindulari errepidean. ARTXIBOA

Foru administrazioko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Zuzendaritza Nagusiak 2022-2030 Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailea egiteko prozesuan dago eta galdetegia zabaldu du.

Planaren lehentasuna da 2030erako mugikortasun aktiboa sustatzea, hau da, motorrik gabeko joan-etorriak, oinez eta bizikletaz. Horregatik, zuzendaritzak identifikatu nahi du zein jarduera egin behar diren 2030era arte, orduan Nafarroan bizikleta eguneroko joan-etorrietarako, aisialdirako eta turismorako garraiobide seguru gisa erabiltzea ahalbidetuko duen azpiegitura izateko. 

Gobernutik gaineratu dutenez, “mugitzeko modua aldatu behar da, motordun garraiobideak bazter utzita; horrela, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizten lagunduko da, Nafarroako klima-aldaketaren aurkako estrategian (Klina) hartutako helburuekin bat eginez”. 

Planaren zirriborroa osatu eta hobetzeko, sei lan-tailer programatu ziren. Horietako bat Irurtzungo kultur etxeak hartu zuen garagartzaroaren 28an. Tailerrean, batetik, mugikortasun aktiborako sarearen trazaduraren hasierako planteamenduak kontrastatu zen; bestetik, sarearen hierarkizazioa berrikusi zen, gainera, lehentasunak baloratu ziren; eta, azkenik, mugikortasun aktiboa sustatzeko beste neurri batzuk hartzea aztertu zuten. Gainera, honako gaiak izan zituzten hizpide: bizikletazko eta oinezko mugikortasunerako azpiegiturak hobetzeko beharrak; hiriko, hiriarteko eta landako eremuetako mugikortasun-ereduak, eta bizikletaren kuota modala handitzeko aukera; mugikortasun aktiboaren, bereziki bizikletazkoaren eta garraio publikoaren arteko erlazioa.

Parte hartze prozesua osatzeko zuzendaritza nagusiak galdetegia zabaldu du herritarrek erantzun dezaten. Oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko galdetegiak 15 galdera ditu eta bost minutuan erantzuteko modukoa da. Galdetegia igandera arte erantzun daiteke.