Astekaria

Eskaintza duten liburuak emakumezko presoendako

Guaixe 2021ko uzt. 15a, 14:32
Liburu bateko eskaintza ikasle baten eskuan, parean presoak. Argazkiak: Nafarroako Gobernua.

Lanbide Heziketako Hezitzaile Eskolako Gizarte Integrazioko bigarren mailako ikasleek emakumezko presoen errealitatea ikustarazteko liburu bilketa egin zuten, eta haiei zuzendutako eskaintzak idaztea eskatu zuten. Garagartzaroaren 30ean bostehun bat libururekin sartu ziren kartzelara.

Ikasturtea despedituta, dagoeneko hezitzaileak dira Leire Sagarzazu Ibargoien lakuntzarra eta Sara Legarrea Gorriz. Uda lanpetua dute, baina “nahikoa ona” izanen dela aurreratu dute. Ikasturte akabera berezia izan dute, beraien proiektu baten akaberak Iruñeko espetxe barrura eraman zituelako garagartzaroaren 30ean. Kartzelan dauden emakumezkoen egoeraren berri emateko, haiek jendarteari ikustarazteko eta gizartea sentsibilizatzeko proiektua hasi zuten ikastetxean Emakumeen Egunaren harira. 

Legarreak azaldu duenez, “gehienbat ikusi nahi genuen nolakoa den emakumezkoen bizitza kartzelaren barruan. Zeren, gehienetan, gizonezkoen mundua dela ikusten dugu, eta gizonezkoendako dagoela prest kartzela”. Sagarzazuk azaldu duenez, haiek izandako esperientziarekin ondorioztatu dute “emakumezkoek gehiago sufritzen dutela preso direnean, baita gizartean ere. Horrek borroka gehiago behar du, laguntza handiagoa eta gehiago ezagutaraztea”. Legarreak gaineratu duenez, jabetu dira “emakumezkoek lan gehiago egin behar dute gizarte horretan sartzeko. Kartzelan, esaterako, gu egon garen emakumezkoek gehiago lan egin behar dute beraien kalteak murrizteko”. Gizarte patriarkal batean kartzela emakumezkoendako “zama bikoitza” dela gaztigatu dute: “gizonezkoendako osatutako sistema bat da, ez dago emakumezkoendako eginda. Beraiek zigor bat baino gehiago jasaten dute”. 

Egitasmoa
Proiektua ez zen ikasgelako lau pareten artean gelditu, ikastetxetik atera zuten, jendartera lehenik, kartzelara azkenik. Emakumezko presoendako liburu bilketa sustatu zuten. Liburuak presoei zuzendutako eskaintza izan behar zuten idatzita. “Hasieratik liburu horiek kartzelara sartu nahi genituen, eta emakumezko presoei esan edo erakutsi nahi genien gizartean badela jendea beraiengan pentsatzen duena, beraiei lagundu nahi dienak”, azaldu du Sagarzazuk. Madrilgo Las Olvidadas proiektuarekin ere gogoratu ziren ikasleak. “Kartzelara liburuak sartzen dituzte”, argitu du Legarreak. Presoen aldeko Salhaketa elkartearekin ere lan egin zuten ikasleek. 

Liburu gutxi batzuk biltzea espero zuten. “Baina hainbeste zabaldu zen gizartean, espero baino liburu gehiago jaso genituen”, azaldu du Sagarzazuk. Bostehun liburu baino gehiago jaso dituztela argitu du Legarreak, “horrek pozten gaitu”. Argitu dutenez, denetariko generoko liburuak eman ditu jendeak emakumezko presoendako: eleberriak, narrazioak, poesia… “Beharrezkoa zen emakumezko presoendako eskaintza txiki bat idaztea. Batzuk ez dute baldintza bete, baina idatzi dutenei eskertzen diegu”. 

Kartzelara 
Liburuak espetxean sartzea “zaila egin zaigu, benetan. Baina Las Olvidadasekoekin hitz eginez eta kartzelako zuzendaritzarekin hitz eginez sartzea lortu dugu”, azaldu du Sagarzazuk. Eta liburuekin batera, haietako zazpi ere sartu ziren kartzelara. Jendeak liburuetan idatzitako eskaintzak irakurri zituzten lehenik eta, ondoren, Ajo Micropoetisaren errezitaldia eta Tuchi artistaren zuzeneko ilustrazioak izan ziren kartzelan. Gaur egun Iruñeko espetxean 25 emakumezko preso daude, eta ikasleek eta Las Olvidadas taldeko kideek haietako 14rekin egoteko aukera izan zuten. “Gainontzekoak pandemiagatik berrogeialdian zeuden. Ateratzeko baimenak dituzte, eta bueltan isolatuta egon behar dute”.  

Esperientziaz, Legarreak: “nahiko positiboa izan da. Guk espero genuena baino askoz hobea izan da. Emakumezko presoek liburuak irakurtzea espero genuen. Baina liburuak asko gustatzen zaizkie eta zer liburu mota eta zein titulu zeuden galdezka zeuden. Guztiak irakurtzeko prest eta gogoz zeuden”. 

Sagarzazuk gaineratu duenez, “ikaragarri irakurtzen dutela azaldu digute, beti daudela liburuak eskatzen edo begiratzen. Hori ikusita, proiektuak eragin handia izan du. Ez genuen uste presoek hainbeste irakurriko zutenik”. Ideia berretsi du Legarreak: “preso heldu batek esan zigun beste kartzelatan ez dela hainbeste irakurtzen, Iruñekoan asko irakurtzen dela eta irakurri edo beste gauza batzuk ikastea nahi duen talde handi bat dagoela. Beraz, positiboa izan da”. Emakumezko presoek ekimena “asko eskertu” zieten eta “gomendioak eman zizkiguten gizartean borroka egiteko eta gure helburuak aurrera eramateko”, azaldu du Sagarzazuk. 
 
Ikasleen liburu ekarpenarekin emakumezko presoen moduluan haiendako liburutegia sortu da. Sagarzazuk azaldu duenez, emakumezko presoek “nahikoa presioa egin dute beraien moduluan liburutegia egiteko. Tokirik ez zegoela esaten zieten. Baina emakumezkoek nahi zuten lortutako liburuak han egotea, beraiendako zirelako eta beraiek nahi zituztelako”. 

Gogoko liburuak aukeratuta ziegara bueltatu ziren emakumezko presoak. Gainontzeko irakurgaiek liburutegirako bidea hartu zuten. “Batzuek liburutegira joatera itxaron dute, liburua lasai aukeratzeko, eta eskaintza guztiak irakurtzeko”, azaldu du Legarreak. “Beraien artean partekatuko dituztela esan digute”, gaineratu du Sagarzazuk. 

Espetxeaz
Kartzelaren “inpresio nahiko onarekin” atera ziren, “hotzagoa izanen zela pentsatzen genuen”, azaldu du Legarreak. Emakumezko presoekin izandako “harreman oso onak” horretan lagundu die, “kristoren harrera egin ziguten. Hasieratik oso eskertuta zeuden. Harremanetarako nahia zeukaten. Ez ziguten ezer txarrik erakutsi. Gehienbat, eskertu nahi zuten. Guztiek irakurri nahi zuten, liburu bila zeuden. Hamaika aldiz eskertu digute lan guztia. Parte hartzea ikaragarria izan zen”. 

“Gizarteak inposatu duen ikuspegi hori guk ez dugu. Guri berdin zaigu zer egin duten beraiek, pertsona begiratzen dugu; pertsonak dira garrantzitsuak, ez eraikina. Eta guri kristoren harrera egin digutenez, guk ez dugu pentsatzen eraikina zer den, baizik eta barruan zein dauden” esan du Sagarzazuk. Legarreak gaineratu duenez, “gizarteak aldatu behar du, pertsona horiek hartzeko, integratzeko”. Eta aitortu duenez, “pertsona barruan uztea pixka bat gogorra egin zitzaigun”. Batzuk jakinarazi zieten abendurako kalean elkar ikusiko zutela.  

2020-2021 ikasturteko Lanbide Heziketako Hezitzaile Eskolako Gizarte Integrazioko 2. mailako ikasleek landu duten proiektu hori ondare gisa utzi dute ikastetxean, jarraipena izanen baitu. “Ikastetxea bera gure proiektuarekin ikaragarri harrituta gelditu da. Gustatu zaienez, hurrengo urteetan, ikasleekin batera, proiektuak aurrera eginen du, murritzagoa bada ere” argitu du Sagarzazuk. “Emakumezkoek eskatzen dituzten gaiekin segitu nahi dute. Esaterako, sexuaz jakin nahi badute, liburuek gai horri buruzkoak izan beharko dute”, zehaztu du Legarreak. “Eta nobela beltzak nahi badituzte, horiek bilduko dituzte eta kartzelara eramanen dituzte. Gure moduan, denetariko liburuak hartu beharrean, liburu zehatz batzuk jasoko dituzte”, gaineratu du Sagartzazuk. Biak ere pozik daude ikasketak bukatzeaz aparte, ikastetxean ondarea utzi dutelako. “Sekulako proiektua egin dugu eta uste genuena baino eragin handiagoa izan du”.