Astekoa

Tariro tariro

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Grados Muñoa 2021ko uzt. 12a, 08:54

Hasi da uda, eta gorputzak badaki. Eguzki eta beroaren azken helmuga Sakana bada ere, udako promozioak laster iristen dira gurera. Gure gorputzetan zizelkatzen dituzten gidalerroei zin egitea zaila 
da. Eta are zailagoa da udan. Ekaina iristen denean, lehenagotik ere genituen beldurrak hirukoiztu egiten dira, inoiz baino gehiago larruazaleratzen dugulako gorputza. Gure naturaltasuna eta gure nortasuna erakusten ditugulako. Konplexuz beteriko gure edertasuna. Eta zaurgarriago sentitzen gara. Beno, sentiarazten gaituzte. Eta, noski, uda gorroto dugula pentsarazten diguten bitartean, gure gorputzak zigortzen ditugu, besteenekin batera. Gure segurtasun ezaren izerdiaz. Eta kondenaren erdia baino gehiago bete ostean, gutako asko konturatu gara, ez dela beroa gorroto duguna, sistemak gorroto gaituela gu; gure jantziak, formak eta izateko moduak errealitatetik aldenduz. Arropaz lepo nahi bagaituzte, gure kolore, estria, ile, orezta, titi, eta usainekin biluzik aterako gara kalera. Streaptease-a ondo bukatzeko, honetaz ari natzaizue KLAK Gazte ahotsa podcasteko hemeretzigarren atalean ere; udako disidentziari eta beharko lukeen aldarrikapenari ahotsa ipintzen. Abuztuan lerro hauen artean elkarren berri izango ez badugu ere; kalean, elkarbizitza sano eta parekide baten lehen lerroan behintzat, ikusi nahi zaituztet. Uda zoriontsua opa dizuet! Eta zuek, eguzki eta bero, ea noiz zatozten gurera! Gorputz eder hauek paseoan atera nahi ditugu!