Turismo informazio etxola, Aralarrera bueltan

Guaixe 2021ko uzt. 13a, 10:27
Turismo informazio puntua Aralarren. ARTXIBOA

Asteartetik larunbatera 11:00etatik 18:00etara zabalik egonen da eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita. Hilaren 7tik irailaren 30era arte egonen da zabalik.

Pandemiak eragindako etenaren ondoren, asteazkenaz geroztik zabalik dago Aralarko turismo informazio puntua. Aralarko aterpetxearen parean, santutegirako eskaileretatik gertu, han ari da lanean Amagoia Azpiroz informatzailea. Hala nahi duten bisitariei harrera egin eta Araitz, Areso, Imotz, Larraun, Leitza, Lekunberri eta Sakanaren eskaintzen berri ematen die. Izan ere, Plazaola turismo partzuergoak eta Sakanako Mankomunitateak sustatzen dute turismo informazio gune hori. Urtero txandakatuz hartzen dute haren ardura; aurreneko erakundearena da aurten. Plazaolaren eta Mank-en arteko elkarlana 2017an hasi zen eta, joan den urteko etenaren ondoren, laugarren urtea da  bi erakundeek Aralarren turismo informazio puntua jartzen dutena.  

Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikari Paki Urbitarte Cabrerak jakinarazi duenez, Aralarko informazio puntua zabalik egon zen azken udan - 2019an - 2.144 informazio harrera izan ziren, eta, horien bitartez 7.919 bisitariri zerbitzua eman zitzaien. Duela bi urteko bisitari gehienak nafarrak ziren: %28,8 (2.281). Gipuzkoatik ere bisitari ugarik jo zuten Aralarrera: %12,98 (1.28). Kopuruari erreparatuta, Madrildik etorritako bisitariak %10,2 (808) eta kataluniarrak %8,86 (702) izan ziren. Bizkaitarrak eta arabarrak ere izan ziren bisitan Aralarren: %6,13 (486) eta %4,64 (368) hurrenez hurren. Azken bisitari talde handienaren jatorria Valentzia izan zen, %4,11 (326). 

Urbitartek gaineratu duenez, bisitarien %10,44 atzerritarrak (827) izan ziren. Frantziatik etorri ziren%4,55 (361). Gainontzeko herrialdeetako bisitarien kopuruak txikiagoak dira: Herbehereak 49, Alemania 48, Suitza 43, Argentina 39, Kolonbia 36 eta AEB 32. Sei herrialdeen artean bisitarien %3,11 dira (247).