1.520 txerto gehiago

Guaixe 2021ko uzt. 9a, 14:03
Jendea txertoa jartzera joana. ARTXIBOA

40 eta 49 urte artekoen txertaketa asteartean despedituko da.

Osasun Departamentuak COVID-19aren kontrako txertoko 46.707 dosi jartzea jarriko ditu aste honetan. Txertaketa jarraibidea ixteko lanean ari dira osasun langileak, bai 40 eta 49 urtekoen artean, bai 50 urtetik gorakoetan. Bestalde, 60 urtetik gorakoen bigarren dosiak lehentasunez eta borondatez aurreratzeko aukera ere eskaini du departamentuak. Txertaketa prozesuari segituz, Osasunbideko txertaketa taldeak Irurtzungo kiroldegira eta Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoira bueltatuko dira gaur. Batean eta bestean, 40 eta 49 urte arteko sakandarrei bigarren txertoa jarriko diete; Irurtzunen 850 txerto jarriko dituzte, eta Etxarri Aranatzen 570. Falta diren adin tarte horretakoei txertoa Altsasun asteartean jarriko diete. 

Gainera, Osasun Departamentuak 18 urtetik gorakoen artean lehen dosiak txertatzen jarraituko du aste honetan. Hitzordua online egiten da. Beren dosia jasotzeko aurrez kontaktatu ez diren 30 urtetik gorako guztiek txertoaren data online aukera dezakete www.citasalud.navarra.es webgunearen bidez. Hitzordua Osasuneko Karpeta Pertsonalaren bidez egin daiteke, aktibatuta edukiz gero, edo web bidezko hitzorduaren bidez, osasun-txartelaren zenbakiarekin eta jaiotze-datarekin. Bestela, telefonoz ere eskuratu daiteke hitzordua, 948 370 130 telefonora hots eginez. 

Osasunbideak gogorarazi duenez, “orain arte martxan zeuden txertaketa-prozesuari buruzko informazio-kanalak irekita daude. Horrela, txertoei buruzko edozein zalantza edo gorabehera Infovac herritarrei informazioa emateko zerbitzura jo daiteke, Nafarroa osorako telefono bakar baten bidez (948 370 120) edo txertaketa@navarra.es mezu elektronikoen bidez”.

Positiboak 
Hilabete hasieratik herenegunera arte Sakanan dozena bat positibo zenbatu ditu Osasunbideak. Irurtzunen 3 kasu izan dira, Lakuntzan eta Altsasun bina eta bana Etxarren, Hiriberri Arakil, Ihabar, Arbizu eta Etxarri Aranatzen.