FRANTZIAKO TOURRA

Zaldi onak vs odol garbiko zaldiak

Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 9a, 00:07

Nils Polittek irabazi du Nimes-en, ihesaldi handi bateko azkarrena izanda; tartean zen Erbiti, zaldi sendoa, baina bera adina edo gehiago diren kide asko zituen buruan; esprinta espero zen, baina kontrol faltak ihesaldia ahalbideratu du, eta ahalbideratuko du

Merezi zuen, bada, Imanol Erbitik garaipen bat Tourrean. Langile fin aparta, 12 parte hartze Tourrean, eta aukera gutxi gaurkoak bezalakoak. Beti lanerako gertu, aurten Movistar herren dabil sailkapen nagusian edo taldekakoan, eta talde horretako kirol arduradunek langileei askatasuna eman beste erremediorik ez dute izan. Sartu da, nafarra, ihesaldian, baina ihesaldi handia sortu da. Erbiti zaldi ona da, sendoa, baina alboan bera baino zaldi indartsuagoak zeuzkan, odol garbikoak: Politt, Kung, Theuns, Alaphilippe bera... Politt berak egin eta desegin du ihesaldia nahierara. 49. kilometroan dozena pasa laguneko ihesaldia xehatu du, eta lau lagun geratu dira buruan: Sweeney, Erbiti, Kung eta Erbiti bera. Eta helmugatik 10 kilometrora zegoen muinoan kolpe erabakigarria Erbiti eta Sweeney-ri. Egurra, helmugaraino, eta garaipen handia. Lau ihesalditan sartu da Politt Tour honetan, laugarrenean izan da balekoa. Lanean segi beharko du Erbitik, bigarren azkenean helmugan.


Ihesaldi handia, esprinta espero zenean. Nolatan, bada, halakorik, etapak Cavendishen laugarren garaipena eta Eddy Merckx-en errekorra berdintzea zekartzanean, teorian? Ba kontrolik ez dagoelako tropelean, eta Deceuninq talde indartsua izanda ere, ezin du ihesaldi guztien zaindari izan. Talde asko daude garaipenik gabe, ziklista asko arrakasta gosez, eta beste esprinterren taldeak ere ez dute lan egin nahi Cavendish-en mesedean. Izan ere, erabateko nagusitasuna erakutsi du Man uhartekoak esprintetan, eta aurkariak etsita daude. Zertarako kan egin, tropela lotuta mantenduz, edo jazarpena egiten, ostera garaipena ez usaintzeko?


Ba antzeko bilakaera izan dezake biharkoak ere, ihesaldietan trebeak direnak zirrikitua ikusi dutelako tropelaren kontrola saihesteko. Nimes eta Carcassone lotuko ditu 13. etapak, 219 kilometro luze, baina laugarren mailako muino bakarra bidean. Ihesaldia, edo ihesaldia? Ba hori...