Aste honetan pisuz aldatzen ari naiz. Etxe aldaketek ohiko bi gauza dakarte nahitaez: buruko mina eta kartoizko kutxa pila. Ene komikiak biltzean, hala ere, kutxa batekin nahiko eta soberan izan nuen. Egia esan, ez ninduen gehiegi harritu. Urteak dira liburutegietatik ateratzen dudala irakurtzeko material gehiena. Gero, Etxarrin ditudan komiki guztiez oroitu nintzen, eta hor kutxa baino gehiago kontainerra etorri zitzaidan burura...
Txantxak alde batera utzita, pentsatzen hasi nintzen (kontu honekin pentsatzea arriskutsua da, eta buruko mina ematen du!): komikizaleek eta bildumazaleek laguntasun berezia dute. Batzuetan bata bestetik ezberdintzea zaila izaten baita, komikizalea bildumazale bihurtzen baita. Bilduma bat guztiz eskuratu nahi duelako, autore edo fikzioko pertsona batekin obsesio bat duelako, fetitxismoagatik... Batek daki zergatik.
Nire kasuan, komiki bilduma bat osatzea beti egon da irakurtzeko gogoei lotuta. Komikia, azkenean, testuz eta marrazkiz osatutako ipuina baita. Harren balio garrantzitsuena abstraktoa da, bere barnean autorearen arimaren parte bat bizi baita bere lanaren bitarte. Bilduma bat osatzea ipuin bat aurkitzea da, eta, gero, eraikitzea da.
Bildumazaleak, bestalde, komikiaren azaleko balioari ez dio erreparatzen. Noski, bildumazalearen komikiak garbi-garbi egongo dira. Komikia, asko jota, behin irakurriko du, izorra ez dadin plastiko poltsetan sartuko baitu gero. Hainbeste du komikia maite, non santu baten errelikia balitz bezala tratatzen duen. Azkenean, zertarako? Armairuan hautsa hartzen uzteko? Are okerrago, handik urtetara bigarren eskuko merkatura atera eta harrekin espekulatzeko?
Martxa horretan jarraituta, zerk desberdintzen ditu Diogenes bat eta bildumazale bat? Ez dakit. Nik kutxa asko ditut oraindik mugitzeko, eta burua lehertzear daukat. Zuek ez ahaztu komikiak ongi tratatzeaz, baina ez itzazue gaixoak agobiatu ere. Osatu zuen bilduma zuen gogokoetan oinarrituta, eta ez beste inork esandakoan. Ezta nik esandakoan ere.