Pilota

Zabaletak Binakako Sanferminetako Torneoari eutsi dio

Guaixe 2021ko uzt. 12a, 10:50

Peio Etxeberriarekin bikoa osatuta, 22 eta 15 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Albisuri. Etxarrengo atzelaria izan zen protagonista nagusia 

Udako lehendabiziko torneoa Jose Javier Zabaletarendako eta Peio Etxeberriarendako izan da. Atzo jokatu zen Binakako Sanferminetako Torneoko final handia, eta Aspeko bikoak ez zuen hutsik egin. Aurrean Baikoko Urrutikoetxea eta Albisu izan zituzten, eta final estuan, 22 eta 15 gailendu ziren. Horrela, Etxarrengo atzelariak Sanferminetako Torneoari eustea lortu zuen; azkeneko torneoan, 2019an, Ezkurdiarekin batera, txapeldun handia izan baitzen.  

Final handia espero zen. Peio Etxeberria eta Zabaleta Binakako Sanferminetako Torneoko finalerdian Ezkurdia eta Martija 6 tantotan uztetik zetozen. Baita Urrutikoetxea eta Albisu ere; Baikoko finalerdian 2 tanto eskasetan utzi zituzten Olaizola II.a eta Mariezkurrena. Beraz, final ederra espero zen eta halakoa izan zen. 

Baikokoak ongi hasi ziren. 6 eta 2 aurreratu ziren, hasieratik partidan guztiz sartuta ibili zen Urrutikoetxeari esker. Baina Urrutiri kanpora joan zitzaion pilotaren ondoren, sakea berreskuratu, pilota aldatu; eta hortik aurrera erosoago ibili ziren Aspekoak, Zabaleta bereziki. Horrek partida guztiz eraldatu zuen, Etxarrengoak beste errezitaldi bat eman baitzuen. Zabaleta oporretatik fresko itzuli da, eta bikain aritu zen. Finalean agindu zuen, arerioak gogor estutu zituen eta bera izan zen protagonista nagusia. Peio Etxeberriaren laguntzarekin, 8na berdindu eta gutxika aldea ateratzen hasi ziren. Aldiz, Baikokoek nahi bai, baina ezin, eta akatsak pilatzen hasi ziren. Horrela, 22 eta 15 irabazita, udako lehen torneoa irabazi zuten Peio Etxeberriak eta Zabaletak eta Etxarrengoak Sanferminetako Binakakoari eustea lortu zuen.