Txirrindularitza

Tourra Pirinioetan

Guaixe 2021ko uzt. 12a, 11:50
Imanol Erbiti, larunbateko Tourreko etapan. Argazkia: BettiniPhoto / Movistar Team.

Atzo Pirinioetako lehen etapa jokatu zen eta Kuss (Jumbo) gailendu zitzaion Alejandro Valverde (Movistar Team) beteranoari. Sailkapen orokorrean Pogacarrek (UAE) ez du areriorik, eta gaur atseden jardunaldia du Tourrak

Frantziako Tourrean Pirinioetako etapa menditsu garrantzitsuak jokatuko dira egunotan. Atzo lehena jokatu zen, Céreten hasi eta Andorran, Andorre La Vieillen despeditu zena, lau portu garrantzitsurekin: 1. mailako Mont-Louis, Port d´Envalira eta Col de Beixalis, eta 2. mailako Col de Puymorens. Etapa oso mugitua izan zen, ihesaldiekin. Azkenean Alejandro Valverde beteranoaren (Movistar Team) eta Sepp Kuss (Jumbo)  txirrindulariaren artean erabaki zen etapa garaipena, eta azken honi atera zitzaion hobeki estrategia. Kuss bakarrik iritsi zen helmugara, Valverderi 23 segundo aterata. Eta Tadej Pogacar liderrak (UAE) sasoi betean dagoela berretsi zuen, sailkapen orokorrean 5 minutu eta 18 segundo ateratzen baitizkio Rigoberto Uran (Education First) bigarrenari. 

Imanol Erbitik Movistar Team taldearendako talde lan ordainezina egiten jarraitzen du, sailkapenean 8. postuan dagoen Enric Masendako, bereziki. Hiriberrikoa 65. postuan dago, 1:54:50era. 

Pirinioek dakartena
Gaur atseden jardunaldia du Tourrak, Pirinioetako etapa handien bezperan. Bihar, asteartea, etapa gorabeheratsua jokatuko da Pas de la Case eta Saint Gaudens artean, 4 porturekin, 1. mailako Col de la Core artean. Asteazkenean 1. mailako Col de Peyresourde ezaguna eta 1. mailako Col de Val Louron-Azet gainditu beharko dituzte, kategoria bereziko Col du Portet gainean despeditzeko. Ostegunean kategoria bereziko Luz Ardiden portu ezagunean despedituko da etapa, aurretik kategoria bereziko Tourmalet gainditu eta gero. 

Egunotan makina bat sakandarrek hartuko du Pirinioetako bidea, Tourra gertutik ikusteko. Tartean Imanol Erbitiren jarraitzaileek ere, 12 urte hauetan ez baitute huts egin.