Pilota

Udako Masters CaixaBank Torneoa aurkeztu dute

Guaixe 2021ko uzt. 12a, 15:53
Gasteizen aurkeztu dute udako torneoa. ASPE

Ezkurdiak Imazekin osatuko du bikoa, Zabaletak Olaizola II.arekin eta Martijak Urrutikoetxearekin. Txapelketa asteburuan hasiko da, eta hasierako ligaxkako hirugarren jardunaldiko partida bat Etxarri Aranatzen jokatuko da

Gaur, uztailak 12, astelehena, Masters CaixaBank Torneoa aurkeztu dute Gasteizko Villa Suso jauregian. Pandemiaren eraginaren pean jarraitzen dugunez, udako festa asko ez dira ospatuko, ezta pilota jaialdi asko jokatuko ere, eta, horregatik, atzera ere udako torneoa antolatzea erabaki dute Aspek eta Baikok. 

Bi enpresek bikote mistoak osatu dituzte, bi enpresetako pilotariak nahastuz. Horrela, Ezkurdiak Imazekin osatuko du bikoa, Zabaletak Olaizola II.arekin eta Martijak Urrutikoetxearekin. Gainontzeko bikoak ondokoak izango dira: Altuna III.a-Aranguren, Elezkano II.a-Mariezkurrena, Peio Etxeberria-Albisu, Peña II.a-Rezusta eta Jaka-Tolosa. 

Partida bat Etxarrin
Masters CaixaBank Torneoak Binakako Txapelketaren formatua izanen du. Final laurdenen ligaxkarekin abiatuko da. Biko guztiak guztien kontra ariko dira, eta zortzi jardunaldi izango dira guztira. Torneoa Sakanara helduko da, final laurdenetako hirugarren jardunaldiko partida bat, uztailaren 30ean Etxarri Aranatzen jokatuko baita. Partida horretan, Ezkurdiak eta Imazek Elezkano eta Mariezkurrena izanen dituzte aurkari.

Hasierako ligaxkako sailkapeneko lehendabiziko bi bikoteak zuzenean sailkatuko dira finalerdietarako, eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatutakoek, aldiz, play-offak jokatu beharko dituzte. Hortik aterako dira beste bi finalistak. Finalerdiak irailaren 12an jokatuko direla aurreikusten da, eta torneoko final handia Gasteizen jokatuko da, irailaren 19an. 

Lehen jardunaldia
Asteburu honetan hasiko da txapelketa. Pilotari sakandarrei dagokienez, ostiralean, uztailaren 16an, Olaizola II.ak eta Zabaletak Jaka eta Tolosa izanen dituzte aurkari Zaldibarren. Hurrengo egunean, larunbatarekin, Urrutikoetxea eta Martija Peña II.aren eta Rezustaren kontra ariko dira Zeberion, eta igandean, Irunen, Ezkurdiak eta Imazek Altuna eta Aranguren izango dituzte aurkari.