Txirrindularitza

Igor Arrieta, zazpigarren Antzuola Sarian

Guaixe 2021ko uzt. 13a, 09:00

Antzuola Sariak Euskadiko Federazioak antolatutako Helduz Torneoari hasiera eman dio

Igandean LXXV. Antzuola Saria jokatu zen, Euskadiko Federazioak antolatutako Helduz Torneoari hasiera eman ziona. Helduz Torneoak Lehendakari Txapelketa ordezkatuko du aurten, txirrindulari eliteei bertan parte hartzeko aukera emateko. Izan ere, pandemiagatik, lasterketa gutxiago ari dira jokatzen eta bertan parte aritzeko erraztasunak eman nahi zaizkie jokalariei. 

119,5 kilometroko lasterketako helmugara bederatzi txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen aurretik, eta azkarrena Baque Team taldeko Unai Hierro izan zen (2:56:11). Talde berean zegoen Igor Arrieta Lizarraga (Lizarte) txirrindularia; Uharte Arakilgoa zazpigarren postuan sailkatu zen. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ailetz Lasa (Laboral Kutxa) 27. sailkatu zen, Jon Gil (Lizarte) 59. eta Iker Mintegi (Laboral Kutxa) 63. Talde onena Arrietaren eta Gilen Lizarte izan zen. 

Italiako Giro Valle della d´Aostara
Ostiraletik igandera bitartean Giro Valle della d´Aosta jokatuko da Italian, eta bertan arituko da Igor Arrieta, Lizarte taldearekin. Hori da uharte arakildarraren hurrengo helburua. Berarekin datorren urtean profesional mailara igoko den Ivan Cobo, Sinuhé Fernández, Pau Miquel eta Mikel Retegi izango ditu taldekide. 

Lizarteko Jon Gil lakuntzarrak, aldiz, igandean Gatzagan jokatuko den Dorlateko Ama Sarian parte hartuko du (118 km).