Bi ekimen batean 'Urmuga' jaialdian

Guaixe 2021ko uzt. 13a, 10:33
Urmuga 2021 jaialdiaren aurkezpena. @URMUGA2021

Gaur, uztailaren 13an, abiatu da Angulo portutik musika eta mendia batzen dituen ekimena. Uztailaren 31era arte, formatu handiko bost kontzertu eta formatu txikiko beste bost izanen dira mendi ibilaldian. Sakanatik uztailaren 21ean pasako da. 

Angulo portutik Hiru Erregeen Mahaiaraino zeharkaldia eginen da oinez, eta ibilaldian mendizaleek eta musikariek bat eginen dute, hori baita Urmuga jaialdiaren helburua: pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jartzea. Ibilaldia atzo hasi zen Angulo mendizerran eta Urduña portura iritzi ziren. Donostiako Orfeoia, Mixel Etxekopar, Noemi Viana dantzaria eta François Rossé musikariek eman zioten hasiera ekimenari. 

Bihar, uztailaren 14,  mendizaleek Urduña portutik Altube portura joanen dira, eta etzi, uztailaren 15, Barazar portura abiatuko dira. Sakana aldera uztailaren 20an iritsiko dira, eta Otzaurtetik Lizarrusti portura joanen dira. 20 kilometrotako ibilbidea izanen da, bost orduko iraupena izanen du, gutxi gora behera. Hurrengo egunean, uztailaren 21ean, Lizarrustitik atera eta Albiasura iritsiko dira mendizaleak 8 orduko ibilbidea egin ondoren. Egun horretan bertan, Aizpearron (Aralar), 18:00etan, Anari, Josu Zabla, Miren Narbaiza, Maialen Lujanbio, Eli Pagola, Donostiako Orfeoia, Idoia Asurmendi eta Baigorriko Gaiteroak musikariak ariko dira. 

Urmugari buruzko informazio gehiago eta sarrerak: urmuga.eus webgunean.