Paleta

Igoak gutxiagatik galdu zuen Sanferminetako jaialdia

Guaixe 2021ko uzt. 15a, 11:00

Sanferminetako Emakumeen Pilota jaialdiko paleta gomako partidan, Irati Igoak eta Murillok 25 eta 22 galdu zuten Lusarretaren eta Ardanazen kontra. Udane Vergara altsasuarra esku pilota partidako epaileetako bat izan zen

Atzo, uztailak 14, asteazkena, Sanferminetako Emakumeen Pilota Jaialdia hartu zuen Iruñeko Labrit pilotalekuak, Nafarroako Pilota Federazioak antolatutako jaialdia. Zesta punta, paleta goma eta esku pilotako partida bana jokatu ziren. 

Zesta puntako partidan Urdanizek eta Revillak aise menderatu zituzten Elia eta Coso, 25 eta 15. Ondoren paleta gomako partida jokatu zen, eta kasu honetan, hasieratik bukaerara arte partida oso borrokatua eskaini zuten Irati Igoa etxarriarrak eta Murillok eta Lusarretak eta Ardanazek. Azkenean Lusarreta eta Ardanaz gailendu ziren, 25 eta 22, ederki izerditu eta gero. 

Udane Vergara, epaile
Bukatzeko, esku pilotan aritu ziren Salsamendi eta Alvarez, Oskozen eta Mendibururen kontra. Atzera ere Salsamendi ikusgarri aritu zen eta bera eta Alvarez nagusitasunez gailendu ziren, 22 eta 16. Partida honetako epaileetako bat izan zen Udane Vergara pilotari altsasuarra. Epaile lanetan mustu zen Vergara.