Txirrindularitza

Sakana Group, hirugarren talde onena Guijueloko Itzulian

Guaixe 2021ko uzt. 19a, 11:30

Burunda klubeko bi txirrindularirekin kadeteen talde mistoa osatuta lehiatu zen Sakana Group Salamancako proba prestigiotsuan. Adrian Martinez seigarren izan da sailkapen orokorrean eta taldekako sailkapenean Sakana Group hirugarren.

Uztailaren 17an eta 18an kadeteen mailako lehen Guijueloko Txirrindularitza Itzulia jokatu zen Salamancan, bi etapako lasterketa. Lehen etapa Guijuelon hasi eta despeditu zen 8 kilometroko erlojupekoa izan zen, eta bigarren etapa Maguisan hasi eta Guijuelon despeditutako lasterketa, 61 kilometrokoa. 

Bertan Sakana Group-Aralar taldea aritu zen, talde mistoa osatuta. Zehazki, Sakana Groupeko lau txirrindularik, Manex Zufiaurrek, Aritz Oiarbidek, Ion Lizarragak eta Adrian Martinezek, eta Quesos Albeniz-Burunda klubeko bi txirrindularik, Mikel Regilek eta Iker Agudelok, osatu zuten talde mistoa. “Taldea osatzeko bi txirrindulari behar genituen; eta federazioak talde mistoak aritzea uzten zuenez, Burundako bi txirrindularirekin, Regilekin eta Agudelorekin, talde mistoa osatu genuen” azaldu du Sakana Groupeko entrenatzaile Alberto Martinezek. Ekimena oso pozgarria izan da Sakanako bi klubetarako eta zaletu guztiendako, euren arteko harreman ona erakusten baitu. 

Egindakoarekin "oso kontentu"
Egindako lanarekin oso kontentu dago Martinez. “Lan ona egin dugu. Bakarkako erlojupekoa oso gogorra zen, eta postu onak lortu genituen. Esaterako, Adrian Martinez hamalaugaren sailkatu zen, Manex Zufiaurre 27. eta Iker Agudelo 30.” aipatu du entrenatzaileak. Hurrengo eguneko lasterketan are hobeto aritu ziren sakandarrak. “Lineako lasterketan oraindik lan hobea egin genuen. Adrian Martinez hirugarren izan zen eta podiumera igo zen, Manex Zufiaurre hemezortzigarren, Aritz Oiarbide 33., Iker Agudelo 86., Mikel Regil 106. eta Ion Lizarraga 134.” gaineratu du Martinezek. 

Sailkapen orokorra kontuan hartuta, Sanse taldeko Alem Herraizek irabazi zuen Guijueloko Txirrindularitza Itzulia (1:52:09) eta Adrian Martinez seigarren sailkatu zen, 30 segundora. Manex Zufiaurre hemeretzigarren sailkatu zen, Aritz Oiarbide 34., Iker Agudelo 78. eta Mikel Regil 104. Bestalde, taldeka hirugarren sailkatu da Sakana Group-Aralar. “Valverderen eta Puritoren taldeen atzetik sailkatu gara, Valverde Team eta Purido Taldesan taldeen atzetik. Beraz, ezin dugu gehiago eskatu” nabarmendu du Alberto Martinezek.