Behin eta berriz ikasten dugu. Egunero, gauza berriez jabetzen gara, eta geure burua neurtu eta ezagutzen dugu. Marketinean dioten moduan, esperientzian dago gakoa. Aldiz, badago alde nabaria: marketinean esperientziek onak izan behar dute, bai ala bai, salmenta lortzeko. Horretarako, wow eta sorpresa efektuak bilatzen dira. Gizakiok wow eta sorpresa horren atzetik igarotzen dugu bizitza. Zoriontasunaren eta arrakastaren bila. Bide honetan, batzuek nahiago dugu erosotasun gunean mantentzea, koltxoi ederrarekin, eta beste batzuek, berriz, ezagunegia den tokiko atea zabaldu eta beste aldean zer dagoen ikustera joaten gara. Bizitza ere aukeratzea eta erabakitzea bada ere, zoriarekin topa egiten dugunean, gauzak onak edo txarrak –aurretik deitu gabe– etorri ahal zaizkigula konturatzen gara. Beraz, gauzak datozen heinean ondo hartzean dago giltza. Erresilientea izatea. Zaila da gero askotan onartzea.
Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, iaz ehun urteko adina gainditzen zuten pertsonak 17.308 ziren. Horietatik, 13.576 emakumezkoak ziren, eta 3.732 gizasemeak. Adituek diote, mende bat baino gutxiagoko epean, ehun urte bizitzea arrunta izango dela. Zertan pasako dute denbora gure ondorengoek? Beste aro bat zabalduko da gizakion bizialdi luzean: formazioa, lana eta erretiroaz gain, beste garai eta aukera bat ere sortuko da esperientziak pilatzeko. Aldi berean, bizitza-luzera horrek 70 urterekin jubilatzera eramango gaituela ere iragartzen dute adituek, eta hirugarren, laugarren zein bosgarren adinekoak ere ugariagoak izango direla. Jada 60 urtetik gorako pertsonen ezkontzak eta banaketak biderkatu ziren COVID-19aren aurreko hamarkadan; horrelako datuak bizitza luzatzen eta eraldatzen delako ikurra dira. Eta galdera da, denbora plus hori orain eskura dugula esango baligute, zerekin beteko genuke? Harri koxkor berarekin berriro ere ez oztopatzeko gai izango ginateke?