Euskara ikasleek laguntzak eskatzeko, azken egunak

Guaixe 2021ko uzt. 22a, 12:30
Sakanako Mankomunitatearen egoitza.

Euskaldundu edo alfabetatu diren sakandar helduak hilaren 31ra arte eskatu dezakete dirulaguntza Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan.

Ekonomia traba izan ez dadin gure hizkuntzaren ikasketarako, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak urteak daramatza euskalduntzen edo alfabetatzen ari diren sakandarrei dirulaguntzak ematen. Aurten ere hala eginen du eta, horretarako, 25.000 euro ditu. Euskara Zerbitzuak diruz lagunduko ditu joan den urteko garilaren 1etik aurtengo garagarrilaren 30era arte egindako ikastaroen matrikulak. Diruz lagunduko dituen ikastaroak dira: estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta informatika bidezkoak. Dirulaguntzatik kanpo daude ikastaro teknikoak edo C1 mailatik gorakoak. Mank-etik gaztigatu dutenez, dirulaguntzen onuradunek ezin izanen dute 500 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso. 

Euskara ikasten egon diren heldu sakandarrek hilaren 31ra arteko epea dute dirulaguntza eskaera egiteko. Horretarako, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Mank-en erregistroan, Lakuntzako egoitzan edo telematikoki: eskabide ofiziala beteta, nortasun agiriaren kopia, erroldatze ziurtagiria, euskaltegiak eginiko asistentziaren edo aprobetxamenduaren ziurtagiria, matrikularen ordainagiria eta aitorpena, arrazoi beragatik administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azken kasu horretan, kontzesioari dagokion ebazpenaren kopia erantsiko da.

Dirulaguntza eskuratzeko, eskatzaileek bete beharreko baldintzak honakoak dira: diruz lagundutako ikastaroaren %80an parte hartu duela frogatzea, Sakanan erroldatuta egotea eta Mank-ekiko zerga-betebeharrak ordainduta izatea.