Gobernuak baso ordenazio proiektuak idazteko lanak eman nahi ditu

Guaixe 2021ko uzt. 22a, 08:45
Lizarragako ikuspegia. ARTXIBOA

Tartean daude Lizarragako eta Olatzagutiko baso ordenazio proiektuak eta haien errebisioa.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez hainbat herrietako baso ordenazio proiektuen erredakzioa eman nahi du sei lotetan banatuta. Haietako batean sartuta daude Sakanako bi herritakoak. Alde batetik, Lizarragako herri basoen ordenazio proiektuaren lehen errebisioa dago. Kontzejuaren herri lurrek 1.300 hektarea baino zerbait gehiago hartzen dute, eta haien %80-85 basoak dira. Azken ordenazio proiektua 2002koa da eta hura berrituz, 15 urteko indarraldia izanen duen ordenazio proiektua nahi du foru administrazioak. 

Bestetik, Olatzagutiko herri basoaren ordenazio proiektuaren eta erabilera ikerketaren hirugarren berrikuspena dago. Olatzagutiko herri-basoek 1.600 bat hektareako azalera dute. Haren kudeaketaren azken errebisioa duela dozena bat urte egin zen. Orain 10 urteko iraupena izanen duen kudeaketa dokumentua idaztea eskatu da. 

Bi herrietako basoek PEFC sistemaren baso-kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria dute. Beraz, sistema horren gidalerroak, irizpideak eta adierazleak kontuan hartu beharko dira dokumentua egitean. Lan horiek 46.945,37 euroren truke eman nahi ditu foru administrazioak.