Astekaria

Urte hasieratik, 209 langabe gutxiago

Guaixe 2021ko uzt. 22a, 14:28
Eraikuntzako bi langile teilatuan porlana zabaltzen. ARTXIBOA

Lana eskatzen duten sakandarren kopurua 1.192 izatetik 983 izatera pasa da urte erdian, 17,53 puntuko jaitsiera. Langabeen %58,09 emakumezkoak dira eta %41,91 gizonezkoak. Langabe gehienek (%51,68) 45 urte edo gehiago dituzte.

Pandemiaren urteak, 2020ak, 305 langabe gehiago utzi zituen ibarrean. Aurtengo ilbeltzaren 1etik garagarrilaren 30era langabeziak behera egin du eta 209 sakandar gutxiago daude lan eskatzaileen artean. Hala ere, langabeziaren lehen seihilabetekoaren joera ez da beti beherakoa izan. Ilbeltzean eta otsailean gora egin zuen, hurrenez hurren 39 eta 25 langabe gehiago zenbatu baitziren Nafar Lansaren. Lehen bi hilabeteetako 64 langabeko hazkundeak otsail akaberan 1.256 sakandar lan bila egotea ekarri zuen. Baina ordutik langabeen kopuruak behera egin zuen: 36 gutxiago martxoan, 5 gutxiago apirilean, 110 maiatzean eta 122 garagartzaroan. Lau hilabetetan 273 langabe gutxiago, 983an geldituz kopurua garagarrilaren 30ean. 

Generoari erreparatuta langabe sakandarren %58,09 (571) emakumezkoak dira eta gainontzeko %41,91 (412) gizonezkoak. Urte erdian emakumezkoen langabeziak 3,06 puntu egin du gora eta gizonezkoak, berriz, kopuru berean egin du behera. Emakumezkoen langabezia handitu denez, generoen artean dagoen aldea ere zabaldu egin da: ilbeltzeko lehen egunean aldea 10,06 puntukoa zen, garagarrilaren akaberan 16,18 puntukoa da, ordea. 

Adina eta sektorea 
Adina kontuan hartuta, langabe kopuru handiena 45 urte edo gehiago dituztenen artean dago, %51,68 (508). Kolektibo horren ehunekoa sei hilabetetan 3,53 puntu handitu da, nahiz eta langabeziaren jaitsieragatik kopuruan 66 behera egin. Lan merkatura sartu nahi luketen pertsonen bigarren adin tartea 25 eta 44 urte artekoena da, %38,15 (375). Portzentajean talde horrekin 1,7 puntu egin du behera eta 100 langabe gutxiago hartzen ditu. Eta, azkenik, 25 urtez azpikoak daude. Haien langabezia %10,17 (100) da. Urte hasieratik 1,83 puntu egin du behera eta 43 gazte gutxiago daude lan eskatzaileen zerrendan. 

Sektoreei erreparatuta, zerbitzuen arloan lan egin nahiko luketenek osatzen dute langabe kopuru handiena %63,48 (624). Urte erdian lan eskatzaile horien kopurua 4,34 puntu hazi da, nahiz eta langabeziaren jaitsierarekin 81 eskatzaile gutxiago dauden. Industrian lan egiteko prest leudeke langabeen %19,63 (193). Ilbeltzetik 6,88 puntu jaitsi da talde hori, 123 langabe gutxiago izanik.

Eraikuntzan aritu nahiko luketen langabeak %3,66 (36) dira. Portzentajean 0,03 besterik ez da jaitsi, baina zortzi lan eskatzaile gutxiago daude sei hilabeteren ondoren. Lehen sektorean aritu nahiko lukete langabeen %3,56k (35). Ilbeltzetik 0,79 puntu igo da kopurua, bi langabe gehiago daude kolektibo horretan. Azkenik, aurretik enplegurik izan ez eta lanean aritu nahi luketen %9,66 (95) sakandar zeuden. Urte hasierarekin alderatuta 1,77 puntu gehiago, nahiz eta sakandar bat gehiago besterik ez den zerrendara batu. 

 

 

Herrika 
2021eko lehen seihilabetekoan langabezia ibarreko bi herritan igo da Ergoienan (11 langabe, 4 gehiago, 57,14 puntuko igoera) eta Arruazun (4 langabe, 1 gehiago eta 33,33ko igoera). Gainontzeko 13 udalerritan jaitsi egin da langabezia. Ehunekoei erreparatuta, langabe gehien dituen herria Altsasu da: %44,15 (434), baina urte hasieran baino 117 langabe gutxiago ditu eta 21,23 puntuko jaitsiera. Langabezia gehien duen herrietan bigarrena da Irurtzun %13,73rekin (135 langabe, 15 gutxiago eta 10 puntu beherago). Olatzagutiak ibarreko langabeen %10,17 ditu (110, 17 eta 14,53). Etxarri Aranatzek langabeen %8,95 du (88, 17 eta 16,17). 

Gainontzeko udalerrietan langabezia %5 baino txikiagoa da: Arakil %4,58 (45, 3 eta 6,25), Lakuntza %4,48 (44, 5 eta 10,2), Uharte Arakil %3,26 (32, 1 eta 3,03), Arbizu %3,15 (31, 12 eta 27,91), Iturmendi %1,83 (18, 9 eta 33,33), Urdiain %1,73 (17, 4 eta 19,05), Ziordia %1,22 (12, 8 eta 40), Bakaiku %0,92 (9, 4 eta 30,77) eta Irañeta %0,31 (3, 2 eta 40). 

Sakandarrak Nafarroako populazioaren %3,06 gara, eta ibarrean herrialdeko langabeziaren %2,7 dugu. 

Kontratazioa 
Sakandarrek lehen sei hilekoan 3.041 kontratu sinatu dituzte. Joan den urte guztian 6.405 izan ziren. 500 kontratu baino gehiago hiru hilabetetan sinatu ziren: martxoan (553), maiatzean (526) eta garagartzaroan (655). Nafarroan urte hasieratik sinatu diren 162.089 kontratuen %1,87 sakandarrek sinatu zituzten. Langabezia datuetan generoen arteko aldea 16,18 puntukoa da, baina kontratuetan ez dago alderik: emakumezkoek 1.521 kontratu sinatu dituzte lehen sei hilabeteetan, eta gizonezkoek bat gutxiago. 

Urtearen lehen erdian ibarrean sinatu diren kontratuen %90,75 (2.760) hasieratik aldi baterakoak ziren. Epe berean mugagabe bihurtu dira kontratuen %5,32 (162) eta, azkenik, hasieratik mugagabeko kontratuarekin hasitakoak %3,91 (119) izan dira. Sektoreei dagokienez, zerbitzuen sektorean sinatu dira lehen urte erdiko kontratuen %52,58 (1.599). Sakanako kontratazioaren beste motorra industria da: %42,09 (1.280). Eraikuntzari lotutako kontratuak %4,14 (126) izan dira eta, azkenik, lehen sektorerako langileen kontratuak %1,18 (36) izan dira.

Herriei erreparatuta, Sakanako kontratu guztien %31,4 (955) altsasuarrek sinatu dituzte. Bestetik, irurtzundarren sinadura dute kontratuen %21,9k (666). Etxarriarrek kontratuen %9,47 (288) sinatu dituzte. Lau herri daude kontratuen %6 eta 7,5 artean: Arbizu %7,27 (221), Uharte Arakil %7,23 (220), Lakuntza %6,87 (209) eta Olatzagutia %6,35 (193). Urdiaindarren sinadura kontratuen %5,89n (179) dago. Beste sei udalerritako kontratazio kopuruak %1,5aren azpitik daude: Arakil %1,48 (45), Ziordia %0,76 (23), Ergoiena %0,53 (16), Bakaiku %0,39 (12) eta Irañeta eta Arruazu %0,23 (7). Iturmendik aipamen berezia behar du: lehen sei hilekoan iturmendiar batek berak ere ez du lan kontratu bat sinatu.