Modu iraunkorrean kontsumitzen ikasi egiten da

Guaixe 2021ko uzt. 21a, 11:26
Lakuntzarrak plazan. ARTXIBOA

Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko kideek hala uste dute. Gaineratu dutenez, “ikasketa prozesu horretan, gurasoek eta helduek erantzukizun handia dute”.

Ibarreko haur eta gaztetxoak kontsumo iraunkorrean heztearen garrantzia azpimarratu dute Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko (SDOZE) kideek. Horregatik, guraso eta helduei zuzendu zaizkie, haur eta gazteei “kontsumo arduratsua egiten irakusteko eta, aldi berean, ingurumena errespetatzen duen kontsumoa irakusteko”. Izan ere, elkartekideen iritziz, “gure eguneroko ekintzek natur ingurunean, beste herrialde batzuetan eta etorkizuneko belaunaldiengan eragin kritikoa du”. 

SDOZEko kideek modu iraunkorrean kontsumitzen irakasteko zenbait aholku eman dituzte. Hasteko eta behin, gurasoei eta helduei eredu izateko eskatu diete, “adingabeek haien hezitzaileen jarduteko moduak errepikatuko dituztelako etorkizunean”. Bestetik, “benetan behar dutena bakarrik kontsumitzen erakusteko” aholkatu diete gurasoei. Horrekin batera, haur eta gaztetxoei “gehiegizko kontsumoak zer ondorio dituen jabetzen laguntzeko” eskatu diete helduei. Aldi berean, “eskuratutako objektuak ondo zaintzeko jarraibideak eman, objektuaren bizitza erabilgarria luzatzen erakutsiz”. 

Gehiago
Elkartekideen beste aholku bat da haur eta gaztetxoek gurasoekin batera erosketak egitea eta une hori baliatzea erosketa iraunkorragoa egiten ikasteko. Horretarako proposatzen dute, hasteko erosketa poltsak etxetik eramatea, dendako poltsa gutxiago erabiltzeko. Bestetik, gehiegi paketatutako produktuak ez erostea aholkatu dute, hondakin gehiago ez sortzeko. Erabili eta botatzekoak diren produktuen alde ez egiteko aholkatu dute ere. Eta gaztigatu dute erosketa hezigarri horretan egin daitekeen beste gauza bat erosi behar diren produktuen etiketak irakurtzea dela. 

Kontsumo iraunkorra haur eta gazteen artean sustatzeko SDOZEk gomendatu du haur eta gaztetxoak “zaborrik ez sortzera ohitzea”. Eta, horrekin batera, “berriz erabiltzeko aukerak proposatzea, sormena sustatzeko modua baita”. Sortutako hondakinak txikitatik bereiztera ohitzea garrantzitsua dela nabarmendu dute elkartekideek, hori baita birziklatze egokiaren oinarria. Azkenik, “hezi ezazu honako balio hauek oinarri hartuta: errespetua, elkartasuna, askatasuna eta abar; era horretan, gure inguruneko ondasunak eta baliabideak erabiltzeari dagokionez, erabaki arduratsuak hartzen lagunduko diozu”, azaldu dute elkartekideek.